Adin tarte horretako gaztetxoendako aisialdi jarduera eskasa zegoela eta, iazko ikasturtean sortu zuen Jardunek Txiskrilabi. Talde horrekin, Jarduneko arduradunen helburua da gaztetxoei aisialdirako eskaintza egitea eta euskara bultzatzea.
Txiskrilabi barruan, bi talde egongo dira: 12 eta 14 urte bitartekoak, eta 14 eta 16 urte bitartekoak. Zapaturo elkartuko dira Txiskrilabiko kideak, Arrizuriaga jauregian. 12 eta 14 urte bitartekoak, 16:00etatik 18:00etara; beste taldea, berriz, 18:00etatik 20:00etara.
Bi begirale izango dituzte gaztetxoek: Ugaitz Catalán eta Amaia Ortiz de Urbina, hain zuzen ere.
Zapatu arratsaldetarako plana
Denen artean, begirale eta gaztetxoen artean, zapatu arratsaldeak pasatzeko hainbat jarduera antolatu ahal izango dituzte: eztabaidak, irteerak, jolasak, tailerrak... Esan bezala, datorren eguenean, hilak 9, bukatuko da izena emateko epea. Jardunen bulegora jo beharko duzue, Errotalde jauregira. Ikasturteko matrikula 15 eurokoa izango da.