Miren Odriozolaren bizitza liburu baten bueltan

Xabi Gorostidi 2017ko mai. 18a, 17:29
Argazkia: Urola Kostako Hitza

El Salvadorreko gudan aritu zen besteak beste erizain gisa eta Pakito Arriaranekin lotura estua izan zuen. Leire Ibarguren idazleak bere bizipenak batu ditu 'Laura deitzen zioten' liburuan eta bihar aurkezpena egin ostean solasaldia ere egingo dute.

Askapenak eta Pottogorriak taldeak batera egindako proposamena da gaur 19:00etan Kulturaten hasiko dena. Bertan Miren Odriozola internazionalistak bizitakoak batzen dituen liburua aurkeztuko dute idazleak eta protagonistak.

"Ez nuke sekula ere pentsatuko nire bizipenak edo esperientziak liburu batean pilatuko zirenek inoiz. Nolabaiteko lotsa eta beldurra ematen zidan, eta Leire Ibargurenek pazientzia handia izan nuen ni konbentzitzea lortzeko. Baina berak emandako aldeko argumentuetatik bik eman zidaten zer pentsa; Alde batetik nire esperientzia plazaratzea aberasgarria izan zitekeela esan zidan, baina batez ere emakumeek bizitako oso esperientzia gutxi daudela jakiteak animatu ninduen urrats hori egitera.

Damutu gabe

Konbentzitzeak lanak eman zizkion idazleari baina, baina Miren ez da damutzen erabakia hartu izanaz, gehienbat izan duen harrera beroa ikusi ondoren. "Egia esan jendeak oso hartzen gaitu goazen tokira goazela. El Salvadorreko gudak, Bizkaiko langile borrokak edo emakumeen aldekoak ere interesa pizten duela ikusteak asko bete nau, eta jendeak asko galdetzen dit horien inguruan".

El Salvadorreko bizipenak

Miren Odriozolak 1983ko otsailean zapaldu zuen lehen aldiz El Salvador, guda garaian zeudenean. "Beste garai batzuk ziren, 70. hamarkadatik gentozen; Vietnamgo guda, 68ko uda Frantzian, Nikaragua... Gure artean asko eztabaidatzen genuen sozialismoari eta internazionalismoari buruz, eta sozialismoaren alde borrokatzen ari zen herri batera joatea nahi nuela erabaki nuen".

Aurretik Venezuelan eta Nikaraguan egon zen. Venezuelan Pakito Arriaran ezagutu zuen, eta harekin batera egin zuen El Salvadorerrako bidea. "El Salvadorreko gudaren pelikula bat ikusi genuen, eta hori ikusi ostean erabaki genuen bertara joango ginela. Elkarrekin maitemindu ginen, eta guda baterako joateko ataritan hasi genuen bikote harremana."

Bera zertxobait geroxeago heldu zen eta bertan biziak salbatzen aritu zen erizain gisa. "Chalatenangon nengoen eta bertan ez zen apenas medikurik. Amerikako lurraldetakoak, italiarrak, alemanak, euskaldunak edo katalanak ginen zauriak sendatzen aritzen ginenak, eta askok han utzi zuten euren bizia".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak