goiena.eus

Unzurrunzaga arkitektoaren lana hilabetez ikusgai Kulturaten

  Gizartea  Arrasate

Xabier Unzurrunzaga (Zarautz, 1937) arkitektoak Arrasateko berrantolaketa urbanistikoa egiteko erronka hartu zuen 70. hamarkada hasieran, eta orduan egindako planteamenduak plazaratzeko erakusketa jarriko du ikusgai Kulturaten.

Arrasateren oparotasun industrialak sortutako hazkunde demografikoak arazo sozioekonomiko, egiturazko eta urbanistikoak sortu zituen herrian, eta horiei konponbidea emateko Siadeco enpresa aukeratu zuen Arrasateko Udalak 1968. urtean. Lan mardul horren barruan Unzurrunzagak herriaren hirigintza-azterketa egin zuen, ordura arte ondo eta gaizki egindako antolamendu urbanistikoa aztertuz. 

Ez zen lan makala izan, eta ondoren tesi modura garatu zuen Estatu Batuetako North Carolina State unibertsitatean egin zuen hirigintza diseinuko graduondoan. Orain, amerikarrei erakutsitako lan guzti hori arrasatearrekin partekatzeko, erakusketa antolatu du Kulturateko klaustroan. Bihar inauguratuko dute, eta bertan izango dira berarekin tratu zuzena izan zuten pertsonaiak, besteak beste Alvaro Arregi alkate ohia.

40 panel inguru

Erakusketan planoak, garaiko argazkiak eta eskuz egindako marrazkiak egongo dira ikusgai, bakoitza dagokion azalpenekin. Ekainaren 19ra arte egongo da ikusgai, 17:30etatik 20:30ak arte. 

Ilusioz beterik

Berak egindako lana herriko jendeari erakusteko aukerarekin pozik azaldu da Xabier Unzurrunzaga: "Ilusioz beterik nago duela 40 urte baino egindako lana plazaratzeko aukerarekin. Oso garai zailak izan ziren, eta lan handia egin genuen, batez ere garaiko agintariei gure ideiak azaltzeko eta konbentzitzeko. Beraz, herritarrek, eta batez ere belaunaldi berriek guk egindakoaren berri izatea oso positiboa iruditzen zait".

Ibilbide oparoa

Ibilbide profesional oparoa izan du Unzurrunzagak arkitekturaren alorrean eta horren erakusle da, besteak beste, 1994 urtean jaso zuen Thyssen arkitektura saria. Profesional bezala 50 urte bete zituenean, erakusketa zabal bat egin zuen Donostiako EHUko arkitektura fakultatean. Alvaro Arregi eta Pedro Basterretxea alkate ohiak bertan izan ziren, eta Arrasatek pisu handia zuela ikusita, erakusketa herrira ekartzea proposatu zioten. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa