goiena.eus

Nevadah eta Magnetico Grupo Robot taldeak ostiralean Arrasateko Gaztetxean

  Kultura  Arrasate

Talde bizkaitarrek maiatzaren 19an emango dute kontzertua Arrasateko Gaztetxean 22:30tatik aurrera. Nevadah taldeak garage doinuak ekarriko ditu Gaztetxera, Magnetico Grupo Robot taldeak berriz, sintetizadorez apaindutako pop-rocka.

Nevadah eta Magnetico Grupo Robot taldeak ostiralean Arrasateko Gaztetxean
Argazkia: Deustuko Gazte Lokala | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaia aldeko doinuak izango dira asteburuan Arrasateko Gaztetxean. Nevadah taldea Durangaldeatik dator eta ia hiru urteko ibilbidea egin dute jada gazte hauek. Durangaldean ohikoa den punk-rock eskolatik edaten duen taldea da baina blues eta garage doinuetako ñabardurak ere ageri dira beraien musikan. Pleasure Fuckers, NCC eta Tequila ekartzen dute gogora lehen entzunaldian.

Magnetico Grupo Robot aldiz, Bermeotik datorren taldea da. Bertako partaideak ibilbide oparoa izan dute Los Brebes, Eureka Hot IV eta Los Frenos bezalako taldetan eta hortariko proiektu batzuetan bezala, laburtasunaren aldeko jarrera ageri da beraien kantetan eta kontzertuetan. Euskal Devo bezala definitua izan da batzuengandik eta beraien musikan influentzia nabarmena du Devo taldeak, baina baita Nomeansno eta Dead Kennedys bezalako taldeak ere. Buzo zuriz eta robot buruez jantzita agertzen dira eszenatokian eta kontzertu oso laburrak ematen dituzte normalean.

Kontzertua maiatzaren 19an, ostirala, 22:30tan izango da Arrasateko Gaztetxean eta sarrera 3 euroren truke eskuratu ahal izango da bertan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa