Errauste plantaren aurkako ekimenak

Ane Vitoria 2017ko mai. 9a, 09:52

Bihar jarriko dute Zubietako errauste planta eraikitzeko lanen lehen harria. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez, lurraldeko hiri hondakinen kudeaketari "soluzioa" emango dion azpiegitura da. EH Bilduren ustez, berriz, errauskailuak "izugarrizko zor ekonomikoa" ekarriko die gipuzkoarrei. Elkarretaratzeak egin dituzte errauste plantaren aurka. Bestetik, Gipuzkoako EAJk GBBko egoitzaren aurka, Ernaik egindako erasoa salatu du. Azkenik, erraustegiaren aurkako Gurasos plataformak esan du obren hasierarekin ez dela ezer bukatzen.

Hiri hondakinak erretzeko eraikiko den azpiegitura lan honen aurka elkarretaratzeak egin dituzte lurraldeko hainbat herritan, EH Bilduk eta beste talde batzuek deituta. Arrasaten, esaterako, Debagoieneko Mankomunitatearen egoitzaren aurrean elkartu dira bart hainbat herritar, Debagoiena Zutik mugimenduaren deiari erantzunez. 

Hondakinak kudeatzeko eta, aldi berean, hondakin gutxiago sortzeko beste modu bat badagoela uste dute Debagoiena Zutik-ekoek. Eta horregatik, Zubietako errausketaren kontra azaldu ziren atzo. Horrez gainera, bihar Lasarte-Orian elkarretaratzea ere izango da. Baita maiatzaren 27an, errausketaren aurkako egunean, hain zuzen ere.

EAJri erasoa

Bestalde, gai honekin lotuta, eraso egin diote Gipuzkoako Euzko Alderdi Jeltzaleak Donostian duen egoitzari, eta, hain justu ere, Ernai erakundeak egin duen "erasoa kalifika" dezan eskatu dio Gipuzko Buru Batzarrak Sorturi.

"Berriro ere kaputxaren koldarkeriaren atzean ezkutatzen denak eta zuzeneko ekintza erasokorrak egiten dituenak errealitatetik kanpo jartzen du bere burua, herri honen bidetik eta etorkizunetik kanpo, alegia", adierazi dute Gipuzkoako jeltzaleek ohar bidez.

EAJk adierazi duenez, bart arratsaldean, zortzi gaztez osatutako talde batek zaborra bota zuen Donostiako Gipuzko Buru Batzarreko egoitzara eta pintadak egin zituen Ernairen izenean. "Aurpegiak maskarekin estalita, pankarta bat zintzilikatu zuten egoitzako hesian: Mafiosoak, zuenak egin du. Zaborra zarete!!!; hori jartzen zuen Ernaik sinatuta zegoen pankartan. Eraikineko paretetan egin zituzten pintadak erraustegiaren aurkakoak ziren: 'Erraustegia geldituko dugu'", idatzi zuten.

Konfrontazioa, "dialektikaren barruan"

Eraso horrekin lotuta, Sortuko bozeramaile Arkaitz Rodriguezek esan du EAJrekiko konfrontazioa "dialektikaren barruan" eman behar dela. Hala ere, esan du eraso horrek erakusten duela "herritar sektore batzuk oso haserre" daudela erraustegia eraikitzearekin.

"Obrarekin ez da ezer bukatzen" GuraSOSen esanetan

GuraSOSen iritziz erraustegiaren obren hasierarekin fase berri batean sartu arren, "ez da ezer bukatzen". Eta horren helburua da "proiektua gelditzea eta hondakinen politika partekatu bat eraikitzea". Horretarako lau ekimen proposatu dituzte: defentsa juridikoa; egitasmoaren finantziazioa kolokan jartzea; hondakinen kudeaketarako politika komuna eraikitzea; eta gizartearen babesa izango lukeen iniziatiba ekintzaile bat bultzatzea.

Hala, bi iniziatiba proposatu dizkiote gizarteari: "Lehenengoak herritarron parte hartzea du oinarria: Hitza-hartu; bigarrengoak, hondakinen kudeaketarako eredu berritzailea eta gipuzkoarra oinarri izango duen aktibazio ekonomikaren aldeko apustua". Eta hiru norabideko izango dela diote, adostasuna bilatuko duena: kohesio sozial handiena lortzea, osasunaren babes handiena lortzea, eta gaia Europako araudiari egokitzea. Gaian adituak direnekin eta EHUko Parte Hartuz ikerketa taldearen laguntzarekin garatuko dutela iragarri dute.

Bigarren iniziatibari Gipuzkoa+Technology jarri diote izena eta hondakinen kudeaketaren gaian erreferentzia teknologiko eta soziala bilakatzeko asmoa dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak