Desfibriladorea egongo da Goienako eraikinean gaurtik aurrera

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko api. 3a, 16:35

Bihotz-biriketako gelditzeak gertatzen direnean lehen mailako laguntza eman ahal izateko desfibriladorea jarri da Goiena Komunikazio Taldearen Arrasateko eraikinean; Otalora Lizentziaduna kaleko 31. zenbakian.

Lehen sorospenak eta desfibriladorea nola erabiltzen den jakiteko hiru ordutako ikastaroa izan dute langileek. Ikastaroa Elorregiko Gurutze Gorriko Xabier Aranburuk eman du.

Gero eta desfibriladore gehiago EAEn
Ospitalez kanpoko bihotz-geldialdia (OKBG) arnasketa eta zirkulazio espontaneoen bat-bateko etena da, ezustean gertatzen dena. OKGBrako gomendatutako tratamendua Bihotz-biriketako Bizkortzea (BBB) da; lekukoek unean bertan egindakoa eta desfibrilazio goiztiarra. Lekukoak bihotz-masaje goiztiarra egitea guztiz erabakigarria da pazienteei egiten zaien bizkortzeak arrakasta izan dezan.

EAEn gero eta ohikoagoak dira desfibriladoreak eta hauek erabiltzeko formazioa duen pertsona kopurua ere hazten doa. Eraikin ezberdinetan desfibriladorea egoteari esker, kalean ezbeharren bat gertatuz gero, hasierako atentzioa azkarrago jaso dezakete herritarrek. 

Norbaiti bihotza gelditu zaiola hauteman bezain laster -arnasarik ez duelako hartzen- 112ra deitu eta bihotzeko masajea ematen hasi behar da desfibriladorea iritsi bitartean. Desfibriladoreak emandako argibideak jarraitu behar dira anbulantzia etorri bitartean.

Bihotz-geldialdi baten lekuko izanez gero, ondorengo pausuak eman behar dira:
1. Egoera identifikatu
2. Deitu 112ra.
3. Berehala hasi BBBa egiten.
4. Kanpo-desfibriladore automatikoa (KDA) ahalik eta lasterren erabili.

Bihotz-biriketako bizkortzeetarako Osakidetzaren laguntza APPa
Ayuda a la Parada Cardiaca izenarekin aurkitu daiteke Osakidetzako aplikazioa. Honek emandako argibideak jarraituta, Bihotz-biriketako gelditze baten aurrean zer egin behar den jakin ahalko da. Honetaz gain, GPSaren bidez, ezbeharra gertatu den tokitik hurbil dauden desfibriladoreak non dauden kokatuta jakin daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak