26. urteurreneko festan ilunak argitzera

Xabi Gorostidi 2017ko mar. 30a, 16:41

Mende laurdena irudikatzeko diseinatutako tximeletak egin du bere hegaldia, eta beste urtebetetze bat ospatuko du zapatuan Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatuak. Askotariko osagaiekin kozinatutako egitaraua prest dago.

AGAKO eguna ospatuko da zapatuan, eta gaztetxean zein herriko bazterretan igarriko da Arrasateko Gaztetxeko kideek jarriko duten festa giroa.

Lehen ekintza 10:30ean hasiko den artisauen azoka izango da. Herriko zein Euskal Herriko bazterretatik etorritako dozena bat artisauk euren produktuak jarriko dituzte Seber Altuben. "Aurreko urteko AGAKO egunera etorritako artisauekin jarri ginen kontaktuan, baina horietako askok ezin zuten aurten errepikatu. Hala ere, beste artisau batzuei luzatu zieten gonbidapena, eta gu apenas mugitu gabe lortu dugu artisauen dozena ekartzea", azaldu du Gaztetxeko kide Ainhoa Aranak.

Leku berean, ordu erdi geroago, Txatxilipurdiko kideek umeentzako tailerrak jarriko dituzte, haur txikiek primeran pasa dezaten. Bazkalaurreko azken ekintza Bizipoz poteua izango da, eta honela azaldu du Aranak zer ekintza berri hau: "Guk asmatutako zerbait da. Berez, otxoteak girotutako poteoa egitea zen asmoa, baina grabaketa bat daukate zapatuan, eta beste zerbait pentsatu behar izan dugu. Gaztetxeko kide batek euskal mitologiako bi protagonistaren laguntzarekin mozorroak jantzi, eta poteoa egitea proposatu zuen, eta hori egitea erabaki genuen".

Bazkaria menu bereziarekin

Nekazari gazteen produktuekin egindako menua izango dute ondoren dastagai, Gaztetxean bertan egingo den bazkarian. Menua, hauxe: porru finak egosita ozpin-olio saltsarekin, arroz egosia, barazki-pistoa, patata-purea eta, azkenburukorako, intxaurrak.

Bazkaria musikatua izango da; izan ere, tripa bapo bete ostean, Legazpiko Erein eta Arrasateko eta Aretxabaletako kidez osatutako Jusus Kraist taldeek joko dute. Bazkarirako txartelak  eskuratu ez dituztenek salgai izango dituzte Basati, Jai Zale eta Iluntz tabernetan.

Musika, musika eta musika

18:30ean Karro poteua egingo dute herrian zehar, Ziribulio Sound taldeko Martin Arakamak aukeratutako musikarekin, eta 22:30ean hasiko dira eguna borobiltzeko kontzertuak. Oholtza gainera igoko direnak aurrez aipatutako Ziribulio Sound, Bad Sound System eta DJ Miau izango dira. "Parekidetasuna bilatu nahi izan dugu, eta, hori dela eta, Kata abeslaria arituko da Bad Sound Systemekin batera, eta DJ Miau eta Erein emakumeek osatutako taldeak dira", azaldu du Aranak.

Asanblada berritzen

"Orain 15 lagun inguru elkartzen gara egubakoitzero asanbladetan, 21 eta 27 urte bitartekoak. Duela bi urte, lehengo kide asko joan ziren, baina gazteok hartu diegu lekukoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak