goiena.eus

Bi belaunaldi barru Euskal Herri euskalduna lortzera

 Arrasate

Atzera begiratu, egindako ibilbidetik edan eta etorkizuneko erronkak landu dituzte Euskal Herrian Euskaraz osatzen dutenek. Aurrera begira jartzeaz gain, festarako eta ondo pasatzeko ere antolatu dute gaurko Euskaraz Bizi eguna. Goizean askotariko ekintzez jantzi dute Arrasate, herriko taldeen doinuek eta dantzek lagunduta.

1979. urtean sortu eta gaur egunera arte egindako ibilbidea luzea eta oparoa izan da. Euskara babesteko eta bizirik mantentzeko elkarte eta dinamika ugari sortu dira ordutik, baina Euskal herri euskalduna lortzeko tartea dago oraindik. Garaiak aldatzen dira, gizartea aldatzen da, eta horrekin batera baita euskararen erronkak ere.

Euskaraz Bizi festa nazionala Arrasaten egin dute gaurkoan, herriko eragileen babes zabalarekin gainera. 10:30ean txupinarekin festari hasiera eman, eta jarraian, 11:00etan, Txatxilipurdik umeentzako tailerrez bete du Herriko Plaza.

12:30ean ekin diote Euskaraz Bizitzera goaz ekitaldi nazionalari, goraino bete den Kulturateko areto nagusian. Ikus-entzunezko bidez, Euskal Herrian Euskaraz-en hastapenak gogoratuz hasi da saioa. Jarraian, Kontseiluko Paul Bilbaok hartu du hitza, eta esker oneko hitzak izan ditu EHE barruan egin duten gogoeta prozesuarentzako.

Ondoren, Euskal Herrian Euskaraz-eko bi kidek hartu diote testigua. Besteak beste, euskaldun izateaz eta euskaraz bizitzeaz harro egon behar garela esan dute. Gogoeta prozesuaren zergatiak eta nondik norakoak azaldu dituzte, eta Euskal Herri Euskaldun baten bizitzeko ametsa lortzeko lan egiten jarraitu behar dela azpimarratu dute.

Azkenik, Xabier Zubizarreta Arrasateko alkate ohia eta bere iloba igo dira agertokira. Gaztelera apenas hitz egiten zen garaietatik, euskara klandestinitatean irakasterainoko ibilbideari buruz mintzatu da. Ondoren ilobak hartu du hitza, eta euskaraz ikasteko aukera izan duen belaunaldiko kide izateko zortea izan duela adierazi du. Saioari bukaera borobila eta hunkigarria emateko, familia bereko hirugarren belaunaldia batu zaie, eta ikusleekin batera Euskal Herrian Euskaraz kanta abestu dute aho batez.

Ponentzia ostean herriko kultur eragileen txanda izan da. Txistulariak, trikitilariak, dantzariak, albokariak, txalapartariak eta Txorbela otxoteak herriko bazterra alaitu dituzte, eta ondoren, Herriko Plazako karpan bazkaltzeko batu dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa