goiena.eus

Kulturate beteta Garbiñe Biurrunen esatekoak entzuteko

  Kultura  Arrasate

Harrera beroa izan du Emakume Txokoak antolatu duen 'Emakumeak protagonista' elkarrizketa saioak, eta emakume eta gizon ugari batu dira Garbiñe Biurrunek Arantxa Santestebanekin batera eskaini duen berbaldia entzuteko. Indarkeria matxistaren gaiak pisu handia hartu du, baina egungo egoera politikoa ere izan dute hizpide.

Emakume Txokoak antolatuta, Emakumeak protagonista elkarrizketa saioa egin dute gaur Kulturaten, eta harrera beroa izan du Martxoaren 8aren ataritan prestatutako ekimenak.

Garbiñe Biurrun epaile famatuak Arantxa Santesbanen galderak erantzun ditu, eta ondoren gerturatu diren herritarrek hitza hartzeko tartea izan dute.

"Garbiñeren ibilbide profesional eta pertsonalari errepasoa eginez hasi dugu saioa, eta ondoren bere lanbidean zentratu gara. Hala ere, esango nuke gehien nabarmendu den gaia indarkeria matxistarena izan dela, batez ere, ikusleek horren inguruko kezka asko azaldu dituztelako" azaldu du Santestebanek.

Biurrunen ustez, arazo estruktural horren konponbidean aurrera egiteko hezkuntza da giltzarria, denok bateratzen gaituen gunea delako. Aurrera pausuak alor askotan egin daitezkeela nabarmendu du, baina hobekuntza tarte handiena hezkuntzan ikusten du. Legediari dagokionez, indarguneak ikusten ditu gaur egun indarrean dagoen sistema judizialean, lege batzuek kontuan hartzen dituztelako kasu hauetako egoeren eta zigorren konplexutasuna zein den. Horrez gain, gaineratu du emakume gazteek epaitegietan duten presentzia gero eta handiagoa dela, eta arazoa konpontzeko nahikoa ez izan arren, gaineratu du faktore hori lagungarria izan daitekeela etorkizunean.

Baina emakumeen aurkako indarkeriaz gain, egungo egoera politikoari buruz ere galdetu dio Santestebanek. Zentzu horretan ETAk 2011an indarkeria armatua eten zuenetik hona aurrera pausuak faltan botatzen dituela azaldu du Biurrunek. Presoen egoeran, zein sentsibilitate guztien arteko elkarbizitzan eszenario hobeago bat irudikatzen zuen duela sei urte, baina gaineratu du PPren gobernuaren jarrerak ez duela horretan askorik laguntzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa