'ARTEAN, hamaika emakume artista 2' sorta

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko mar. 3a, 08:00

Gaur, egubakoitza zabalduko dute Kulturaten Arrasateko emakume sortzaile gazteen artelanak batzen dituen erakusketa. 19:00etan egingo duten inaugurazio ekitaldian, artistez gainera, Charo Gallego aktorea eta Olatz Urkia musikaria ere izango dira.

Ekin Emakumeak Elkartearen atea jo zuten Arrasateko hainbat emakume artistak, eta elkarlanean sortu zuten 2015. urteko martxoan Kulturateko klaustroan erakutsi zuten artelan-sorta. "Emaitzarekin oso gustura geratu ginen eta oso polita izan zen herritarrengandik jaso genuen erantzuna; horregatik, bada, bide beretik dator bigarren erakusketa", dio Leire Estevezek, Ekin Emakumeak Elkarteko kideak.

Artea, zentzu zabalean

Aurrekoan bezala, hamaika artistaren lanak erakutsiko dituzte oraingoan ere; horietako batzuk lehenengo edizioan izan ziren. Hala ere, berriak dira Kulturatera eramango dituzten artelanak. "Lekuak ahalbidetu duen neurrian, bakoitzak aukeratu du zer eta zenbat lan erakutsi", dio Helena Azkarragaurizar artista eta komisarioak.

Artea zentzu zabalean erakutsiko dutela gaineratu du Maddi Urizar artista eta komisarioak: "Aurreko edizioan bezala, arte diziplina guztiak ordezkatuta daude: pintura, grabatua, marrazkia, argazkia, muntaia, grafitia, grafika eta instalazioak daude. Aurten, batez ere, instalazio indartsuak eta pintura dira nagusi".
Komisarioek gaineratu dute askotarikoak direla, era berean, erabilitako teknikak eta gaiak: "Ikusleak artelanean parte hartzera bultzatzen duten instalazioak daude; horietako bat, esaterako, indarkeria psikologikoa gaitzat hartuta. Pertsiana baten egindako grafitia ere ikusiko duzue. Margolanak ere askotarikoak daude, pop artetik gertu daudenak, horien artean. Grabatuak ere asko eta oso ezberdinak. Artista bakoitza dagoen sormen unea erakusten duen bilduma da Kulturatekoa".

Talde izaera indartuta

Emaitza ikusgarria izango bada, prozesua ere horrelakoa izan dela dio Estevezek: "Talde lanean egindakoa; horren erakusle argiak dira erakusketaren kartela eta katalogoa. Badago paralelismoa prestakuntza prozesuaren eta katalogoaren artean". Pintore surrealistek erabiltzen zuten Cadaver exquisito izeneko teknikarekin egin dutela gaineratu du Azkarragaurizarrek. "Batek marrazki bat egin, hurrengoari pasatu eta azkenean guztion artean sortuz azken  emaitza". "Oso nabarmena da hasi ginenetik gaur egunera arte hartu dugun talde izaera", gaineratu du Urizarrek.

Artelanak, artisten ahotik

  • Helena Azkarragaurizar Jauregi: "Eskulturan eta grafikan gorpuzten da nire praktika artistikoa. Egunerokotasunetik ateratako egoerak dira aurkeztuko ditudan lanak".
  • Miren Barrenetxea Iñarra: "Investigación en arte y creación master amaierako lanaren zati bat da erakutsiko dudan instalazioa; generoaz eta indarkeriaz hitz egiten du".
  • Euri Bruña Iturbe: "Lanerako erabili ditudan koadernoetako marrazkiak erakutsiko ditut, gehienbat; horiez gain, hainbat collage eta marrazki".
  • Lexuri Doyague Loiti: "Beste modu batera lan egitea erabaki dut; egunerokotasunari aurre egiteko eta arteari funtzio pedagogikoa emanez".
  • Joana Mantzisidor Akizu: "Bartzelonan ikasten ari nintzela ezagutu nuen grafiti mundua. Leku bat eraldatzeko eta jendeari heltzeko eskaintzen dituen aukerengatik, horretan jarraitzen dut gaur egun ere".
  • Sara Miguelez Garitano: "Sortzeko unea erritual moduko bat da; trantzean sartu eta intuizioarekin lan egiten dut. Sormenak betidanik erakarri nau".
  • Araitz Perea Kortabarria: "Lasaitzeko edo aktibatzeko, sentitzeko edo sentimenduetatik ihes egiteko, erronkak gainditzeko eta edertasunaz disfrutatzeko ere margotzen dut".
  • Agurtzane Telleria Larrañaga: "Denborak utzitako aztarnak margotzen ditut. Oihalaren gainean pintura akrilikoa jarri eta haren gainean arrastatzen dut pintzela. Pintzela litzateke, hain zuzen, denbora".
  • Maddi Urizar Altuna: "Paisaiak eta gizakiak elkarrengan duten eraginak erakartzen nau betidanik, eta harreman hori ikertzeko bidea dut artea. Oinez egitearen esperientziatik dator ikusgai dagoen obra".
  • Alazne Zubizarreta Montero: "Grabatuak egiten sentitzen naiz erosoen. Era berean, kolore gorria, lerro bertikalak eta egoera absurdoak ditut gustuko".
  • Jone Zubizarreta Unzueta: "Musika jotzen ez dakit, baina konpultsiboki entzuten dut. Marrazten badakit, baina urteak besteen lanei begira pasatu ditut, konpultsiboki".
Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak