Mondragon Unibertsitateak galdu egin du Burgosko Unibertsitatearen kontra: 64-79

Mireia Bikuña 2017ko ots. 25a, 21:30

Nahi eta ezin. Holaxe ibili dira arrasatearrak Burgosko taldearen kontra. Hasieratik geratu dira atzean markagailuan eta hirugarren tartean puntu batera ipini diren arren (40-41) ezin izan dute markagailuari buelta eman. "Aurreko astean puntu bakar bategatik galdu izanak, psikologikoki, min handia egin digu. Eta, gaur, kantxan, irabazteko behar hori igarri diet jokalariei", esan du amaieran Josu Larreategik.

Maila mantentzeko liga berean diharduten bi talde dira MU eta Burgosko Unibertsitatea. Hori horrela, lehia parekatua bezain garrantzitsua aurreikusten zen Iturripen. Bada, burgostarrekm hasieratik hartu dute abantaila markagailuan. Ondo menderatu dute jokoa eta baloia. Lehen tartearen bukaeran zazpi puntuko aldea izan dute: 13-20. Bigarren laurdenean abantaila handitzen jarraitu dute. Hala, bederatzi puntukoa zen atsedenaldian: 25-36.

Hirugarrenean, puntu bakarrera

Hamar puntuko aldea ere izan du Burgosko taldeak (28-38), baina 12-3ko partzialari esker, puntu bakarrera hurbildu dira arrasatearrak: 40-41. Baina, ilusio bat besterik ez da izan. Berriro sartu dute martxa bat gehiago busrgostarrek eta sei puntuko aldearekin hasi dute azken tartea: 49-55.

Partiduan sartzeko aukera berri bat izan du Mondragon Unibertsitateak. Falta teknikoa adierazi dute epaileek arrasatearren alde. Hiru puntura jartzeko baloia izan dute, baina ez dute asmatu. Hiru minutu falta zirenean berriro hartu du hamar puntuko abantaila Burgosek eta hortxe bukatu da partidua. "Guk baino askoz hobeagoak izan dira. Merezitako garaipena eskuratu dute. Gainera, puntu aldea ere euren aldekoa da. Burgosko jokalari Lomberak min handia egin digu taula azpian. Bai erasoan eta baita defentsan", esan du entrenatzaileak.

Hurrengoa, Santanderrera

EBA liga bukatzeko zortzi partidu geratzen dira. Hurrengoa Santanderren jokatuko du MUk. Bi aste barru, liderra, Estela dator Arrasatera. "Azken bi porrotak ahaztu behar ditugu lehenbailehen eta aurrera begiratu. Ez dago besterik. Hiru edo lau garaipen gehiago behar ditugu", azpimarratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak