Neurketa-lanak abiatuta

Ubane Madera 2017ko ots. 23a, 18:18
AZEko kideak sekuoia neurtzen.

Monterron parkeko bost sekuoien artean altuena zein den neurtzen hasi dira Arrasate Zientzia Elkarteko Anton del Campo ingeniaria eta Juan Mari Osinaga aparejadorea. Takimetroa eskuetan, eta gaurko eguraldi egokia aprobetxatuta egin dute hasierako datu bilketa. Datozen egunotan, berriz, trigonometria aplikatuko dute, neurria jakiteko. Datorren astean jakinaraziko dute emaitza.

"Del Campok susmoa du agertokiaren ezkerraldean dagoen sekuoiaren ondoan dagoen plakan jartzen duen datua, 40 metro neurtzen duela dioena, ez dagoela ondo. Uste du altuagoa izan daitekeela, eta bestea ez dagoenez neurtuta, biak neurtuko ditugu. Horrela jakingo dugu zein den sekuoiarik altuena. Betidanik izan dira deigarriak eta gure herriaren bihotzean daude, gainera", dio AZEko kide Xabier Bengoak.

Irinarekin 17 neurketa puntu markatuta hartu dituzte arratsaldean hasierako datuak, takimetroa baliatuta.

Babestu beharrekoa, ustez oker

Bestalde, datu bitxi bat ere eman du Del Campok, agertokiaren ezkerraldeko arbolaren gainean, "Gipuzkoako altuenetakoa izateaz gain, oso garrantzitsua da. Hesi batez babestua dagoena baino garrantzitsuagoa; badirudi akats bat izan zela, ezkerrekoa zen babestu beharrekoa. Hau da, kartelaren ondokoa da babestu behar zena". Altuerari dagokionez, hark uste du 40 metro baino altuagoa izango dela: "Aldea metro erdikoa bada ez da ezer gertatzen, baina bost metro gehiago dituela frogatzen badugu, mereziko luke neurketa egitea".

Porra, Monten

Herrian gaiak eman duen zeresanaren adierazle da Anton Del Camporen semeak, Iban Del Campok, porra bat abiatu duela: "Apustuari saltsa apur bat jarri gura izan diogu, egubakoitzekoa txikiteo ezberdin bat izan dadila". Monte tabernan da porra: "Orain arte ezagunak izan dira Monteko ziklismo porrak eta horregatik bururatu zitzaidan bertara jotzea; proposamena onartu zuten". Parte hartzeko bost euro ordaindu beharko dira, eta sekuoia altuenaren metro kopurura gehien hurbiltzen direnak izango dira irabazleak. Lehen saridunarentzat botearen %50 izango da, bigarrenarentzat %30 eta hirugarrenarentzat %20.

AZEk porrarekin zerikusirik ez

AZE elkartekoak, baina, apustuaren aurrean argi utzi gura dute eurek duten "interes bakarra" dela sekuoien garaieraren gaineko "informazio zehatza" ematea; eta neurketa "eskarmentu profesional handia duen teknikari kualifikatu batek" egingo duela. "Arrasate Zientzia Elkarteak neurketaren bueltan sortutako apustuekin batere zerikusirik ez du", bukatu dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak