Tiburon kioskoa Biteriko aparkalekuaren irteera alboko gunera joango da

Itziar Larrañaga 2017ko mar. 1a, 12:01

Lokala San Juanetarako zabaltzea aurreikusten da, beharreko egokitzapenak egin ostean. Kioskoaren historiari jarraipena emanez, Maiztegi familia izango da lokalaren ustiaketaren arduraduna.

2006. urtetik doa Tiburon prentsa kioskoak bere jatorrizko lekutik kanpo, Garibai etorbideko taxi aparkalekuaren alboan, hain zuzen ere. 2016ko azaroan, Udalak lur azpiko aparkalekuaren ibilgailuen irteera ondoan dauden hiru salmenta guneen ustiaketa lehiaketa publikora atera zuen. Tiburon kioskoa aurkeztu zen bakarrik eta saltoki gune handiena aukeratu zuen, Garibai etorbidetik gertuen dagoena. Kontzesioa 25 urterako egin da eta urtero Udalari ordainduko dion kanona 946,79 eurokoa izango da.

Bi saltokiren esleipena eskuratzeko aukera zabalik
Biteri plazako beste bi saltokiak oraindik libre daude. Udalak pleguetan jasota dauka lokal horien erabilera, besteak beste, aldizkarien, egunkarien, loteriaren, goxokien eta fruitu lehorren edo bidezko merkataritzako produktuen salmentara bideratua izango dela. Udalak jakinarazi du 25 urterako izango dela esleipena, eta "merke" eskaini dituela –900 euro azpitik urte osorako kanona–. Obra, ostera, saltokia eskuratzen duenak egin beharko du. Interesatuek, Udaleko Hirigintza Sailarekin jarri beharko dira harremanetan.

Maiztegi familia, mende erdi aldizkari eta egunkari salmentan
Maiztegi familiak 50 urte baino gehiago daramatza aldizkari eta egunkari salmentan eta Arrasaten aski ezagunak dira. Tiburon kioskoa jaio zenetik Balanzategi-Maiztegi familiak ustiatu du beti eta behin haren jabe izan zen Angel Balanzategiri zor dio bere izena.

Prentsa kioskoa 1977tik egon da Biteri plazan kokatuta. Belaunaldiz belaunaldi mantendu den negozio familiarra izan da eta horren aurrean, Udala pozik azaldu da berriro bere tokira itzultzeaz gain, Maiztegi familia izango delako oraingoan ere, Tiburoni jarraipena emango dion familia.

Kioskoa, lokalean dagozkion egokitzapenak egin ondoren, San Juanetarako zabaltzea espero da ohiko ordutegian, hau da, astelehenetik igandera, goizeko 06:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak