goiena.eus

Jaki eskaintza zabala izango da otsaileko baserritarren azokan

 Arrasate

Bailaran ekoiztutako produktuak erosteko aukera izango da, bihar, zapatua, Seber Altube plazan. Hamaika postu jarriko dituzte eta bailarako baserritarrekin batera Nafarroatik eta Arabatik etorritako ekoizleak ere izango dira oraingoan.

Jaki eskaintza zabala izango da otsaileko baserritarren azokan
Jendea baserritarren azokan erosten. | Ikusi handiago | Argazki originala

Hamaika postu izango dira aste bukaera honetako azokan; gehienak, bailarako eta gertuko baserritarrenak. Oraingoan, baina, bertakoez gainera, Nafarroatik, Arabatik eta Ondarroatik ere etorriko dira ekoizleak. Hala, haiei esker, hemen izaten ez diren aldizkako produktuak erosteko aukera egongo da. Izan ere, produktu eskaintza zabala izango da. Alde batetik, sasoiko produktuak: babak, porruak, azaloreak, eta abar. Eta bestetik, urte osoan zehar ekoiztutako jakiak: arrautzak, ogia, gazta eta halakoak. Gainera, eta betiko dinamikari eutsiz, azokara gerturatuko diren bezero guztien artean otarre bat zozketatuko dute. 

'Zurekin Arrasate euskaldunago'

AED elkartearen eskutik datorren ekimen hau zapatu goizean izango da, Seber Altube plazan, 10:00etatik 14:00etara. Hainbat ekintza izango dira; besteak beste, argazki erakusketa, txapa tailerra eta otarre baten zozketa. Jarduera horri jarraipena emateko, arratsaldeko zazpietan, argazki erakusketa Jaizale tabernara lekualdatuko dute. Izan ere, beste bi ekimen gehiago izango dira bertan: bertso saioa eta txio lehiaketaren sari banaketa.  Kanpaina horren helburua bazkideak elkartzea eta elkarkide berriak lortzea da. Horrez gain, euren jardueren gainean ideia berriak eta iritzi ezberdinak jasotzeko espazio bat sortzeko aukera ona dela uste du Itxaro Artolak, AEDko dinamizatzaileak. Azoka euren ekimena erakusteko aproposa ere badela aitortu du Artolak: "Euskara da azokaren balioetako bat, eta, beraz, bi ekintzak guztiz uztargarriak dira”.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa