goiena.eus

Sexuaren gozamena sentitzeko, 'Hotzikara' ipuin erotikoak

  Kultura  Arrasate

Musikatutako helduendako ipuin kontaketa gaur, egubakoitza, eskainiko dute Kulturaten 20:00etan. Ines Bengoak kontatuko ditu ipuinak, Josu Lizarragaren zuzeneko musikaren laguntzarekin, Sexologia Zerbitzuak antolatuta.

Arrasateko Udaleko Sexologia Zerbitzuak hogei urte betetzen dituela-eta, azken hilabeteetan,  hainbat ekintza antolatu dituzte; bakarrizketak eta antzerkiak, adibidez. Oraingoan, helduendako ipuin erotiko musikatuen kontaketa antolatzea pentsatu dute, ipuinak ez direlako haurrendako soilik izan behar eta horien bitartez, zeharka, hainbat gai landu daitezkeelako, kasu honetan, erotika.

Gaur, egubakoitza, 20:00etan izango da ipuin kontaketa Kulturateko areto nagusian, eta Sexologia Zerbitzuak antolatutako helduendako lehenengo halako ekitaldia izango da. Sexologia Zerbitzutik herritarrak gonbidatu nahi izan dituzte ipuinez gozatu eta une goxo eta entretenigarri bat pasatzera.

Helduendako ikuskizuna

Ines Bengoak kontatuko ditu ipuinak, Josu Lizarragaren zuzeneko musikaren laguntzarekin. Bertan kontatuko dute erotismoa historian zehar nola bizi izan den; nola garai guztietako emakumeek eta gizonezkoek sexu-atsegina sentitu duten, jakin-nahia izan duten, eta baita beldurra eta askatasuna ere, maila desberdinetan.

Emanaldiaren bitartez, hainbat egoera proposatuko dira, pertsonaia ugari ezagutuko dira eta ikus-entzuleei historien bitartez bidaia batean sartzeko gonbidapena egingo diete protagonistek pasioa, zoramena eta umorearen bitartez. "Bidaia horretan sartzen dena sexuaren gozamena sentitzera hurbilduko da, hotzikara gisan", azaldu dute Sexologia Zerbitzutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa