Premin Sampedro presoaren senideek izandako istripua salatu du Sortuk

 Arrasate GAURKOAK

Premin Sampedro preso arrasatearraren eta Iñaki Arakamaren senideek istripua izan zuten pasa den asteburuan, Jaenera eta Sevillara bisitan zihoazela. Hori dela eta, "mendeku politika honek euskal preso politikoen senideengan eragindako sufrimendua", salatu du Arrasateko Sortuk.

"Ezin dugu kontsideratu zoriaren esku dagoela mendeku politikak euskal preso politikoen senideengan eragindako sufrimenduaren parte den dispertsioa", adierazi du Aizpea Otxandioanok, Sortuko kideak.

Ohartarazi du preso arrasatearren senide eta lagunek, Euskal Herriko beste gehieneko bezala, astero ehunka kilometro egin behar izaten dituztela bisitan joateko. "Noiz arte pairatu behar dituzte arrisku hauek? Noiz arte ordaindu beha dute zigor gehigarri hau? Noiz arte jasan behar dute legeek edota oinarrizko eskubideek babesten ez duten krudelkeria hau?", azpimarratu du Otxandianok.

16 urte daramatza Premin Sampedrok Jaeneko espetxean preso. "Sakabanaketa politikak bultzatuta, Premin aurrez aurre ikusteko, Jaeneko espetxerako bidaiari ekin genion –1.600 km guztira–. Aranda de Dueron (Burgos) geundela, errepide erdian kamioi baten gurpil lehertua azaldu zitzaigun eta gainetik pasa besterik ezin izan genuen egin", azaldu du Iker Sampedrok, Preminen anaiak. "Ez genuen ezbehar fisikorik izan, eta kotxea gidatzeko moduan zegoenez, bideari ekin genion berri. Baina, argi daukagu, errepidea arriskutsua bada berez, egitera behartzen gaituzten kilometro gehigarriek arrisku horiek biderkatzen dituztela", gaineratu du.

Azkenik, herritarren elkartasuna eskertu zuen eta Udal Gobernua osatzen duten alderdiei gonbita egin die "sakabanaketa politika bultzatzeko egin zuten indar berbera, berau desaktibatzen erabiltzera".

Bukatzeko, Arrasateko Sortuk "babes osoa" eman nahi izan dio Premin Sampedroren familiari eta astebururo ehunka kilometro egin behar izaten dituzten Arrasateko senide eta lagunei.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa