Ia milioi bat euroko inbertsioa egingo du Diputazioak Arrasateko bi proiektutan

Jokin Bereziartua 2017ko urt. 19a, 14:02

Udalaren eskaerei erantzunda, Gipuzkoako Diputazioak bi proiektu esanguratsu gauzatuko ditu aurten Arrasaten. San Andres auzoan kokatuta dagoen Lanako lotura –saihesbiderako edota Bedoñarako bidean dagoen bidegurutzea– birmoldatu eta biribilgune bilakatuko dute eta Bedoña auzorako errepidean eskoilera bat eraikiko dute aspalditik ematen diren lur mugimenduak egonkortzeko.

Lanako bidegurutzearen gaur egungo konfigurazioaren ondorioz mugimendu gatazkatsuak sortzen dira ibilgailuen zein oinezkoen aldetik. Hori horrela, bi behar nagusi erantzutera dator proiektua: "Bide segurtasuna eta oinezkoena bermatu nahi ditugu", adierazi zuen atzo egindako prentsaurrekoan Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek.

Bestetik, Fagor Ederlanen planta berria San Andresera datorrela jakiteak ere lehentasunezko izaera eman dio gaiari, Oiarbideren arabera, azpiegitura egokiak bermatzea enpresei lehiakorragoak izaten ere laguntzea badelako. "Jarduera ekonomiko berri horrek trafikoa ere handitu egingo du", gaineratu zuen. Lanako proiektuaren aurrekontua da 600.000 mila euro pasatxokoa; horietatik 400.000 euro inguru Diputazioak ordainduko du eta 200.000 euro Udalak.

Bidea ireki eta eremua egonkortu

Bestalde, Bedoñarako errepide inguruko lur mugimendua egonkortu egingo da. Gaur egun, Bedoñako auzo alkate Jose Mari Unzuetak lekuan bertan nabarmendu zuenez, lur mugimenduak errepidearen galtzadari zuzenean eragiten dio eta arriskutsua da bertako auzotarrentzat. Urte luzez egindako eskaera bati erantzungo zaiolako pozik dago Unzueta. Eremua egonkortzeko, alde batetik 78 metroko luzera eta hamaika metroko altuera izango dituen eskoilera bat eraikiko da azpi aldean eta, bestetik, errepidearen gainaldean eusteko bi horma egingo dira. Bi hormek hiru metroko altuera izango dute, hamahiru eta 32 metroko luzerarekin, hurrenez hurren.

Lan horietarako aurrekontua izango da ia 550.000 eurokoa. Errepidearen zabalera bost metrora handituko da, errepideko segurtasuna bermatzeko. Obrak ekainean hastea espero du Diputazioak. Lanako biribilgunerako ia sei hilabete beharko dira eta Bedoñako errepidea ireki eta egonkortzeko lanek hiru hilabete iraungo dutela aurreikusten da.

Alkatearentzat "oso berri ona" da bi proiektuak Diputazioaren 2017ko lehentasunen artean egotea: "Bedoñako bide berria, urtetako eskaera izan dena, behingoz gauzatu egingo da. Bestetik Lanako biribilgunea dago, gaur egun bidegurutze arriskutsua dena gune seguru bihurtzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak