MU-n landutako bi proiektu, Nimble Bee industria-diseinuko nazioarteko lehiaketako finalisten artean

Josu Bilbao Atxutegi 2017ko urt. 19a, 09:06

Mundu osoko 43 proiektu aurkeztu dituzte guztira, eta azken fasean horietatik hamar hautatu dituzte finalerako. Otsailaren erdira aldera emango dute irabazleen berri, eta 3.000, 2.000 eta 1.000 euroko sariak jasoko dituzte, hurrenez hurren.

Mondragon Unibertsitateko Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza graduko ikasleek egindako bi proiektu Nimble Bee (http://www.nimblebee.eu/) nazioarteko diseinu-lehiaketako hamar finalisten artean daude. Mundu osoko unibertsitateetan gazteek sektoreko benetako proiektuetan oinarrituta jorratzen duten I+G-a ezagutzera ematea da lehiaketaren xedea. Erabiltzaileek eta enpresek plataforma birtual baten bidez egiten dituzten ekarpenekin hobetzen dituzte ikasleek Industria-diseinuko proiektuok. Nimble Bee lehiaketa urtean birritan egiten dute, udaberrian eta udazkenean. Ontzi- garbigailuetarako detergente-pastillak diseinatzea da aurtengo erronka.

Proiektuak:

- Aroma Concept. Egilea: Víctor Perez Muñoz. Pastillak lore-forma du. Produktua naturarekin lotu nahi du, ekologiarekin zerikusia duten ezaugarriak nabarmenduta. Halaber, premium alderdia azpimarratu du, usainaren/aromaren bitartez. Epaimahaiaren ustez ezaugarri horiek emaitza onak izan ditzakete.

- Shuriken. Egileak: Ioritz Hontecillas Iratxe Goñi. Detergente-pastillari izar-forma eman diote goiko eta beheko aldeetan, eta aukera berritzaile eta futurista hori garrantzitsua izan da proiektua hautatua izateko. Indarra eta energia transmititzen dituen produktuaren forma eta ikusgarritasuna ematen dion kolore gorri/magenta balioetsi ditu epaimahaiak.

Nazioarteko lehiaketa

Mundu osoko 30 unibertsitatetako 43 proiektu aurkeztu dituzte guztira edizio honetara, eta horietatik 10 aukeratu ditu finalerako McBride enpresako adituen epaimahaiak. Txina, Mexiko, AEB, Frantzia eta Poloniako unibertsitateetako ikasleek hartu dute parte, besteak beste. Lehiaketan partaide diren talde guztiek proiektu bera landu behar izaten dute. Edizio honetan, McBride enpresarentzat ontzi-garbigailuetarako detergente-pastillak diseinatzeko erronka proposatu diete.

Lehiaketaren hurrengo fasean, finalistek erabiltzaile/kontsumitzaileen eta epaimahaikideen feed-backa jasoko dute. Finalistek ekarpen horiek erabili ahal izango dituzte beren proiektuak zehazteko. 2017ko otsailaren erdira aldera emango dute irabazleen berri, eta 3.000, 2.000 eta 1.000 euroko sariak jasoko dituzte, hurrenez hurren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak