Negu gorrian udazkeneko koloreak gozagai

Txomin Madina Milikua 2017ko urt. 13a, 20:17

Gaur zabaldu dute Arrasateko Kulturaten Artgazkik, Arrasateko Argazki Elkarteak, antolatutako Udazkena Euskal Herrian argazki lehiaketaren bigarren edizioan parte hartu duten lanen aukeraketa batekin osatutako erakusketa. Bertako argazki guztiak salgai daude, eta ateratako dirua Aspanogirentzat izango da.

Gabonetan herriko hainbat dendatan eta tabernatan ikusgai egon ostean, gaur zabaldu dute Arrasateko Kulturaten Udazkena Euskal Herrian argazki lehiaketan parte hartu eta epaimahaiak aukeratutako lanak. 44 argazki dira denera, Euskal Herriko hainbat txokotan ateratakoak: esaterako, Txindokin, Pirinioetan edota Urbasan batzuk; Monterronen, Santa Barbara parkean eta Kurtzetxikin beste batzuk.

Artgazkik, Arrasateko Argazki Elkarteak, lehiaketa antolatzen duen bigarren urtea izan da aurtengoa, eta bertako lehendakariorde Ricardo Santa Cristinaren esanetan oso pozik daude izandako erantzunarekin: “Argazkien kalitatea oso ona izan da, eta aurreko urtean baino lan gehiago jaso ditugu”.

Erakusketa urtarrilaren 28ra bitartean egongo da zabalik, astelehenetik egubakoitzera, 17:30etik 20:30era.

Aspanogirentzako laguntza

Epaimahaiak Amaia Arzamendiren Perretxikoa argazkiari eman zion lehen saria; Andoni Iñarraren Haizea-ri bigarrena eta Iñaki Nuñezen El bosque-ri hirugarrena. Dena den, erakusketako ikusleek ere izango dute beraien argazki gustukoena zein den esateko aukera, eta botoa ematen duten guztien artean argazki kamara bat zozketatuko dute.

Argazkiak ikusi bakarrik ez, erosteko aukera ere egongo da. Joan den urtean bezala, salmenten bidez ateratako diru guztia Aspanogirentzat, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkartearentzat izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak