34 langile kaleratu ditu Fagor CNAk

  Ekonomia  Arrasate GAURKOAK

Gastuaren eta egituraren egokitzapen plana aurrera darama Fagor CNAk eta beste 34 langile kaleratu ditu. Horietatik 26 Fagorreko bazkide ohiak dira, eta Mondragon taldean birkokatzeko aukera izango dute. Kaleratzeak salatzeko ordubeteko lanuztea egin dute, gaur, enpresa batzordeak deituta.

Fagor CNA taldeko zuzendaritzak atzo jakinarazi zion Langile Batzordeari kaleratutako dituen langileen kopurua. Guztira 34 izango dira, eta horietatik 8 traumatikoak. Erabakia jakinarazi aurretik 26 langilek adostu zuten euren gertu zeudela kaleratuen artean egoteko. Guzti horiek bazkide ohiak dira, eta Mondragon Taldeko beste enpresa batzuetan birkokatzeko aukera izango dute. Beste 8 traumatikoetatik, lau komertzial sailekoak dira, hiru Ikerketa eta garapena sailekoak eta azkena erosketa sailekoa. Kaleratuek lan egindako urte bakoitzeko 28 eguneko kalte ordaina jasoko dute.

Kaleratzeak salatzeko ordubeteko lanuzteak eta elkarretaratzeak egin dituzte konpainiaren Garagartzako, Eskoriatzako eta Basauriko lantegietan.

Produkzioaren jaitsieran oinarritu da zuzendaritza kaleratzeak justifikatzeko. Hala ere, aurretik hartu izan dituzte neurriak zentzu horretan. Uztailean 19 langile kaleratu zituzten, eta urriaren 26an enplegu erregulazio espedientea aplikatu zuten. Azken kaleratzeak ikusita, Langile Batzordetik enpresaren bideragarritasun plana egitea exijitzen diote zuzendaritzari, enpresak izan dezakeen etorkizuna irudikatzeko.

Azkenik, Langile Batzordetik, elkartasuna adierazi diete kaleratutako lankideei eta Eusko Jaurlaritzari deia egin diote prozesu honetan laguntzeko eskatzeko.

 

Enpresa batzordearen oharra:

"Edesa Industrial S.L. eta Geyser Gastech S.A. enpresetako zuzendaritzak atzo komunikatu zigun bi enpresetako batzordeei eta Basauriko langileen ordezkaritzari, langileen egokitzapen bat egingo dutela, eta 34 kaleratze egongo direla. Horietatik zortzi kaleratze traumatikoak dira. Erabaki honi erantzun bat emateko ordubeteko lanuztea egin dute Edesa Industrial eta Geyser Gastech-eko lantegi guztietan. Kaleratutako kideei gure elkartasuna adierazi nahi diegu. Gainera, erakundeei, eta Eusko Jaurlaritzari, batez ere, prozesu honetan inplikatzea eskatzen diegu, aurreko oharretan eskatu dugun moduan".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa