Arrasateko santamasak 2016

Arrasateko santamasak egitarau potoloarekin datoz aurten ere

Ibon Carmona 2016ko abe. 14a, 19:42

Arrasateko Trikitixa Eskolak, Udalak eta Santamas komisiñuek aurkeztu dute 2016ko santamasetako egitaraua. Abenduaren 22ko eguna, haurrendako, gazteendako zein helduendako ekintzaz beteta dator beste behin.

Kulturateko areto nagusian egin den prentsaurrekoan, Arrasateko kultur taldeen izenean Antxon Gutierrez (Arrasate Trikitixa Eskola), komisiñoko Onintze Gorospe eta Kultura eta Euskara zinegotzi Juan Ramon Mendieta izan dira.

Aurtengo Santamasen helburua, herritarrak jaiaren parte sentitzea da: “Astindu armaixue, gozatu kale giruen, jarri zuen alie ikuskizun, dantza, kantu, bazkari eta lagunartien, gertuen falta dittugunak goguen eta irribarre bat aldien. Ondo pasau Santamasetan!”
 
Goiz osoan zehar azoka

Abenduaren 22ko ekintzei dagokionean, azoka jaieko izarretako bat izango da beste behin. Azken urteetan bezala, hainbat zonatan banatuko da hau; ganadua Laubide plazan eta hegaztiak Garibai hiribidean; eligagaien eta baserrien postuak Biterin eta Seber Altuben; eta artisauak Biterin eta Jokin Zaitegi plazan.

Azoka 10etan hasiko da, eta aipatzeko datuen artean, baserritarren 82 postu egongo direla azpimarratu behar da.    
 
Txerrita protagonista

Aretxabaletako Galartza auzoko Zaloña baserrikoa izango da aurtengo txerria. Animaliak 300 kilo inguruko pisua dauka, eta abenduaren 21ean, Herriko Plazan ikusi ahal izango da.

Txerri dantzak 25 urte

Aurten, kantaren egileak diren Jose Ramon Vitoria eta Jon Iñaki Izarzelaia omenduko ditu Komisiñoak. Beti bezala, bi alditan dantzatuko dute txerri dantza; bat eguerdian (13:45) eta beste bat iluntzean (19:30), Larrain Dantza taldearekin batera.

Beste ekintza batzuk

Zaldibarren, 12:00etatik aurrera herri kirol probak egongo dira, eta Urkape Pilotalekuan, berriz, 18:00etan hasita, profesional mailako pilota partidak. Estelarrean, Ezkurdia eta Merino II bikotea Urrutikoetxea eta Beroiz bikotearen aurka jokatu behar zuten, baina azken hau baztertua izan denez, hasiera batean Imazek ordezkatuko dio. Bigarren partiduan ere aldaketak daude; izan ere, Mendizabal III.ak eta Martijak, Jakaren eta Erostarberen aurka jokatu behar zuten, baina azkenean, Mendizabal beharrean, Retegi II.ak jokatuko du. Sarrerek 20 euroko prezia izango dute, eta Monte, Kajoi eta Buenuena tabernetan egongo dira salgai.  

Nobedadeak

Herri bazkaria, Musakolako kiroldegian egin beharrean, Azoka Plazan egingo da. Leku aldaketa horrek, herri bazkariko gunea murriztuagoa izatea eragin du, eta arrazoi horregatik, txartelak lehenbailehen erostea gomendatzen dute. Txartel horiek, Bengoa, Kajoi, Irati eta Iluntz tabernetan egongo dira salgai, 18 eurotan.

Aurrekontua

Juan Ramon Mendietak azaldu duen bezala, aurtengo Santamasen aurrekontua 78.400 euro ingurukoa izan da (41.368 euro Santamas komisiñoaren partetik eta 37.075 euro udalaren partetik).

Erlazionatuak

Txerri dantzak 25 urte, elkarlanaren adierazle

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016 abe 15 Arrasate

Urtero errotuago dagoen azoka, santamasetakoa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016 abe 15 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak