Inbentarioa, Galartaren ondarea ezagutzeko

Ibon Carmona 2016ko abe. 3a, 12:00
Duela urte batzuk Galartaren margolanekin Kulturateko klaustroan egindako erakusketa.

Julio Galarta Pintorearen Lagunak elkartea aste batzuk daramatza artista arrasatearrak margotutako koadroen gaineko datuak biltzen. Lan kantitatearen gerturatze bat egitearekin batera, margolariaren izena ekarri nahi dute gogora.

Julio Galarta pintore arrasatearrak koadro asko margotu  zituen. Ahalik eta lan gehienak bildu nahian, Julio Galarta Pintorearen Lagunak Elkartea inbentario bat egiten ari da. Arrazoi horregatik, elkarteak dei egiten die etxean Galartaren koadro bat daukaten partikularrei, horren gaineko datu orokorrak elkartera bidal ditzaten.

Milako zifrara iristen

Alvaro Arregi elkarteko lehendakariak esan du, jendeari parte hartzea kosta egiten zaion arren pixkanaka-pixkanaka badoazela margolanak biltzen. “Elkarteak kontatuak zituen 650 lanez gain, Galartaren lanen iazko erakusketekin batera, beste ehun bat gehiago jaso ziren. Orain milako zifrara iristeko bidean gaude, eta kantitate horretan markatu dugu lehen helburua”. 

Behin mila koadro bilduta, horien gaineko datu ezberdinak jasoko dira, baina aldi berean, elkarteak, partikularrei etxeetan dituzten koadroen gaineko datuak eskatzen jarraituko du.

Bi helburu

Inbentarioaren helburuetako bat, artista arrasatearraren lan kantitatearen hurbilketa bat egitea da. “Jendeak 3000 koadro inguru margotu zituela esaten du. Inbentarioarekin, sekula ez dugu jakingo zifra konkretua zenbatekoa izan zen, bai ideia bat egiteko balio izango digu”, gaineratu du elkarteko lehendakariak.  

Haren lan kopuruaren gerturatze bat egiteko erabiltzeaz gain, inbentarioa Galartaren izena mantentzeko eta gogoan izateko erabiliko da.

Datorren urtean erakusketa

2017a, pintore arrasatearra jaio zeneko mendeurrena izango da, eta horren harira elkarteak erakusketa bat egingo du. “Udalarekin kontaktuan gaude, eta udako oporren osterako egitea espero dugu”, esan du Arregik. Erakusketa horretan, partikularrek utzitako lanez gain, herriko bazterrak agertzen diren  koadroak ikusi ahal izango dira.

Datuak emateko epea zabalik

Inbentarioa egiten jarraitzeko, Galartaren margolan baten  gaineko datuak emateko prest dagoenari, elkarteak Arregi Arte dendara gerturatzea edo galartaelkartea@gmail.com helbidera idaztea eskatzen dio. 

Bidali beharreko datuetan, koadroaren motiboa, data eta neurriak zehaztea komeni da, betiere, jabeak horiek baldin badakizki. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak