Gorakada konpainiak "Moby Dick" antzerkia eskainiko du gaur Amaia antzokian

Ibon Carmona 2016ko abe. 3a, 08:00
Antzezlaneko uneetako bat.

Emanaldia gaur egingo da 17:00etan hasita, eta sei urtetik gorako ikusleei egongo da zuzendua. Sarrerak 5 eurotan salduko dira antzokiko leihatilan.

Konpainia durangarraren antzerki obrak, XIX. mendean Herman Melville idazle estatubatuarrak idatziriko literaturako klasikoa izango du oinarri. 

Julio Salvatierrak moldaturiko antzezlana da, eta Juan Carlos Garciaren zuzendaritzapean, Aritza Rodriguez, Jose Cruz Gurrutxaga eta Eriz Alberdi aktoreak arituko dira taula gainean.

Umorea eta fantasia

Antzerkian, umore eta fantasiaren bitartez literatura unibertsaleko istorio honen handitasuna islatzen saiatu dira, aktore, musikari eta txotxongilo ezberdinen bitartez. 

Antzezlaneko ekoizlea eta zuzendari artistikoa den Alex Diazen esanetan, ez dute eleberria osorik eszenaratzen, baina itsasoaren, kaxaloteen eta pertsonaien gorabeheretan murgiltzeko aukera ematen diete haurrei, imajinazioa martxan jarriz. "Antzerkian kontatzen denaren bitartez, erakutsi baino gehiago aditzera eman nahi da, imajinazioari bere tartea utziz. Arrazoi horregatik erabaki dugu gutxieneko errekurtsoak erabiltzea", dio Diazek. " Modu horretan, erabiliko diren soinu-elementu ezberdinen bitartez, ikuslea ozeanoaren erdian dagoelaren sentsazioa sortu nahi izango da", gaineratu du.  

Melvillen eleberria oinarri

Ismael marinelak Pequod baleontzian bizitzen dituen bizipenak kontatzen dira antzezlanean. Konpainiak maiz hartzen ditu oinarri literaturako klasikoak, istorioei gaurkotasun puntu bat emanez, baina bertan kontatzen dela aldatu gabe.

Haurrei zuzendua

Diazen esanetan, edonork ikusi dezakeen antzezlana da, baina obraren iraupena eta transmititu nahi dena kontuan izanik, sei urtetik gorako haurrei gomendatzen zaie.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak