Munduko akordeoilari onenetarikoak, abenduaren 9tik 11ra bitartean Arrasaten

Ibon Carmona 2016ko abe. 2a, 15:26

Egubakoitzean hasiko dira Arrasateko akordeoi lehiaketak. Arrasate Hiria Nazioarteko Akordeoi Lehiaketarekin batera, Gipuzkoako Akordeoi Lehiaketa eta Jaialdia ere egingo dira.

Beste urte batez, Kulturateko aretoak eta Amaia antzokiak Arrasateko akordeoi lehiaketak jasoko ditu abenduaren 9tik 11ra bitartean. Egun horietarako, Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak, Arrasateko Udalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, Arrasate Hiria Nazioarteko XXIV. Akordeoi lehiaketa antolatu du.

Gipuzkoako Akordeoi Konfederakundeak lehenengo aldiz 1975ean antolatu zuenetik gaur arte ibilbide oparoa eduki du lehiaketak. Urtez urte eta urratsez urrats forma eta indarra hartzen joan da hitzordua, eta nazioarteko sona izatera iritsi da. XXIV. Arrasate Hiria lehiaketak nazioarteko 28 akordeoilari bilduko ditu, besteak beste, Italia, Eslovenia, Txina eta Serbiatik etorritakoak. Hauspoz elkarteko lehendakaria den Aitor Furundarenak aurkezpen prentsaurrekoan esan bezala, kontzertista karrera bat egiteko asmoa daukaten akordeolari internazional guztientzat erreferentziazko lehiaketa da.

Nazioarteko lehiaketarekin batera, Gipuzkoako XXXVII. Lehiaketa egingo da egun horietan. Lurraldeko, Euskal Herriko zein estatuko 30 parte hartzaile arituko dira, adin guztietakoak, gainera.

Azkenik, Gipuzkoako XXIX. Jaialdia ere egingo da Arrasaten. Musika eskolatan diharduten neska-mutilei begira antolatutako jaialdia da, eta aurten 322 parte hartzaile batuko ditu. Jaialdian musika estilo ezberdinak entzun ahal izango dira, esaterako, herrikoia, jazza eta klasikoa.

Lehiaketen sari banaketa abenduaren 11an egingo da Amaia antzokian, iluntzeko 20:00etan hasita.

Kontzertuak eta masterclass-a

Ekitaldi guzti hauez gain, Arrasate Hiria lehiaketako iazko irabazlea den Janne Valkeajoki finlandiarrak hainbat kontzertu eskainiko ditu gurean. Hilaren 9an, 20:00etatik aurrera,  Arrasateko Kultur Etxean emango du kontzentua. Hurrengo egunean, berriz, Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean eskainiko du emanaldia, 19:30ean hasita.

Valles eskualde kataluniarreko Akordeolari Gazteen Orkestrak eta Terrassako Saxofoi-jole Gazteen Kontserbatorioak ere kontzertua eskainiko dute. Kasu honetan, emanaldia hilaren 9an izango da 17:00etan hasita, Arrasateko Aita Menni Ospitaleko aretoan.

Kontzertuez aparte, abenduaren 12 eta 13an, Mati Rantanen akordeolariak, irakasle eta interpretatzaileei zuzenduriko akordeoi masterclass-ak eskainiko ditu Kulturaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak