EREan daude gaur hasita Garagartzako 122 langile

Leire Kortabarria 2016ko urr. 26a, 15:54

Fagor CNAk hala eskatuta, azaroan hastekoa zen EREa gaur, urriak 26, hasi da aplikatzen. Garagartzako Fagor CNAren lantegiko (Geyserren lantegia ez) 144 langileri eragiten die, baina 122 daude lan gabe gaur hasita.

CNAren Garagartzako langileak dira guztiak. Egosketa lerroko langileak 2 asterako daude langabezian, eta garbiketa lerrokoak, 4 asterako.

Langileen ordezkari sindikalek "kezka" azaldu dute, izan ere, "ez dago batere argi gero noiz eta nola bueltatuko diren lanera". Euren kontratua suspentsioan dago orain; ez da eten, baizik eta epe baten ondoren berriz efektibo izango dela suposatzen da. Baina langileak kexu dira zuzendaritzak ez duela EREarekin batera bideragarritasun planik aurkeztu.

Enpresak arrazoi ekonomikoa eman du EREa aplikatzeko, eta aurretik esana du helburua dela pilatuta duen stock-ari irteera ematea.

Langileak ez daude ados

EREa akordiorik gabe egin da, hau da, ez dira bertako puntuak adostu enpresaren eta langileen artean. Edozein modutan, enpresako zuzendaritzak zenbait gauza egingo duela agindu die langileei: esaterako, langabezian dauden langileen soldatak osatuko dituela eta Hobetuz-en bitartez formazioa eskainiko diela. Hain zuzen, prebentzio arloko formazio plan bat prestatzen dabil enpresa. Enpresa batzordeak dio langileek ez onartzeak suposatzen duela enpresari ez zaiola harantzago beste pausorik emateko askatasuna ematen. Eta honela azaltzen dute: "Oraingoan arrazoi ekonomikoak eman ditu enpresak; langileek EREa onartuz gero arrazoi ekonomikoengatik, enpresa ixteko EREa etorriko balitz hurrengo eta horregatik kaleratzeak baleude, enpresa batzordeak horiek onartu egiten dituela suposatuko luke".

Fagor CNAko zuzendaritzarekin harremanetan jarri, medio honek ez du oraingoz erantzunik jaso.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak