Gazte Euskaltzaleen I. topaketa ari dira ospatzen Udalan

Ibon Carmona 2016ko urr. 22a, 16:45

Arrasateko AED elkarteko TTAK taldeko kideak, Eskoriatzako Ixotu taldeak eta Aretxabaletako Loramendi elkarteak ari dira lehen topaketa hau ospatzen. Asteburuan zehar ekintza ezberdinak prestatu dituzte Udala auzoko Ingurumen Eskolan.

 

Topaketara Arrasateko, Eskoriatzako, Bergarako, Antzuolako, Oñatiko, Errezilgo eta Elgoibarko 15-20 urte bitarteko 25 bat gazte hurbildu dira euskararen erabileran ahalduntzeko eta euren arteko sareak eta sinergiak garatzeko.

Goizeko bederatzietan elkartu dira Arrasateko Garibai autobus geltokian, eta guztiak batera oinez abiatu dira Udalako Ingurumen Eskolara. Bertan indarrak hartzeko lunch txiki bat egin dute, eta jarraian, ekintza ezberdinekin hasi dira.

Hitzaldi eta tailer ezberdinak

Lehenik eta behin ezagutza jolas batzuk egin dituzte, izan ere leku ezberdinetatik etorritakoak direnez, askoren kasuan, ez dira elkarren artean ezagutzen. Jarraian, Josu Zugastik Irainak eta ligoteorako teknikak izeneko tailerra eskaini du. “Tailerra interesgarria izan da, eta barre egiteko astia ere izan dugu, herri ezberdinetako gazteak egonda, ezagutzen ez genituen irainak ezagutu ditugu eta”, azaldu du topaketan parte hartzen ari den Marixe Ruiz de Austrik.

Bazkalostean, bi hitzaldi gehiago izango dituzte; Mikel Ozaitak hizkuntza aktibismoaren gaineko hitzaldia emango du, eta Danele Sarriugartek, berriz, euskararekiko bizi izan duen esperientzia kontatuko du. Bi hitzaldien tartean, kafe tertulia egingo dute, eta ondoren, Iñaki Telleriak Zergatik ez tailerra eskainiko du. Eguna amaitzeko, afal ostean, Urrats taldeak erromeria egingo du.

Bihar, gaua Ingurumen Eskolan pasa eta gero, guztiok batera gosalduko dute. Topaketari amaiera emateko, antolatzaileek hurrengo urtean topaketak antolatuko dituen euskal elkarteari lekukoa pasako diote. Marixek azaldu duenez, lekukoa “modu sinboliko batean” pasatuko da, izan ere, oraindik ez dago argi zein elkarte izango den datorren urteko antolatzailea.

Proiektu hau burutzeko ezinbestekoak izan dira Arrasateko udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Kutxa Ekogunearen laguntza. Gainera, Pirritx eta Porrotx eta Uxue Alberdik ere azaldu diote euren bermea, Euskal Herri mailan lehenengoz Debagoienean antolatu den jarduera honi.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak