Arrasateko Trikitixa Eskola omendu dute 'Nobenarixue'-n

Eneko Azurmendi 2016ko urr. 3a, 16:16

25. urteurrena betetzen ari dela aprobetxatuz, Trikitixa Eskolako kideek jaso dute inbutu preziatua. Ester Learreta eskolako presidentea eta Maixa Lizarribar zuzendaria "oso eskertuta" azaldu dira Maritxu Kajoi komisiñuak eskainitako omenaldiarekin.

Urtero moduan, Maritxoi Kajoi egunerako motorrak berotzeko, Nobenarixue ospatu dute Arrasateko plazan. Aurten, gainera, ohikoa bilakatu den ardo eta gazta dastaketaz gain –144 litro ardo eta 35 kilo gazta–, Trikitixa Eskolako ikasleek euren musika doinuekin girotu dituzte herriko kaleak.

Ondoren, ekitaldi nagusiaren garaia iritsi da eta Maritxu Kajoi Komisiñuak hitz hunkigarriekin omendu ditu Trikitixa Eskolako kideak. Komisiñuaren esanetan,"mende laurden honetan herrixan alde eindako lanagatik eta ekarpenagatik" omendu nahi izan dituzte.

Bestalde, azpimarratu nahi izan dute "txapelketa batetik bestera, erromeixetan, oholtzaz oholtza, kantu eta irrintzi artian eta lokaleko lau pareten artean jo ta su, beti prest eta beti irribarretsu" aritu izan direla herriko trikitilariak, "neguko hotzian eta udako beruan".

Omenduek, haien partetik, esker ona besterik ez dute izan haien ahotan. "Ohore handia da guretako inbutua jasotzea. Egia esan, ez genuen inondik inora espero. Benetan, asko poztu gara eta asko eskertzen diegu Maritxu Kajoi komisiñuari, zein gurekin gogoratu diren guztiei", azaldu du Ester Learreta Trikitixa Eskolako presidenteak.

Maixa Lizarribar zuzendariak gaineratu du "emozionatu" ere egin dela. "Malkoak ere atera zaizkit", adierazi du. Gaineratu du 25 urte luze hauetan "lan asko" egon dela, batez ere "kalean ikusten ez den lana". Horregatik, inbutua jartzeko "apal berezi bat" jarri beharra daukatela azpimarratu nahi izan du.

Erlazionatuak

Arrasateko Trikitixa Eskolarentzat inbutu preziatua

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016 ira 30 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak