Jon Salsamendi: "Zaleen jarreran kirolariok badugu eragina"

Mireia Bikuña 2016ko ira. 22a, 16:15

Urdaibaiko entrenatzailearekin batera, Oihana Kortazarrek, Markel Irizarren eta Intza Lizaratzuk parte hartu zuten Arrasateko Udalak antolatutako Publikoaren eragina kirolariengan delako mahai inguruan. Aitor Elduaien kazetariak gidatu zuen. Kirolariek euren esperientziak partekatu zituzten herritarrekin.

"Gaurko kirolariek dituzten jarraitzaileak bi motakoak dira: areto barruan egoten den publiko estatikoa batetik, eta ordainik gabeko zale mugikorrak bestetik". Berba horiekin hasi zuen Aitor Elduaien kazetariak zaleek kirolariengan duten eragina lantzeko mahai ingurua. Añares Rioja ISBko Intza Lizaratzuren zaleak dira lehen motakoak, eta Trek-Segafredoko Markel Irizarrenak, mendiko lasterketetako Oihana Kortazarrenak, eta Urdaibaiko entrenatzaile Jon Salsamendirenak bigarren motakoak. "Dena den, kirol bakoitzak zale mota ezberdinak ditu", esan zuen azken horrek. Eta gaineratu zuen arraunlari izandako urteetan eta Astilleroko eta Urdaibaiko entrenatzaile izandakoetan harreman hurbila izan duela zaleekin: "proben aurretik eta ostean hurbilak eta adeitsuak gara elkarrekin. Lehiatzen gaudenean beste kontu bat izaten da Ni Orion bizi naiz. Herria txikia da. 5.000 biztanle ditu, baina 6.000 entrenatzaile daude [barre]. Kalean ibiltzea zaila da batzuetan. Bereziki gauzak ez doazenean ondo".

Hartu-eman hurbil horren lekuko, adibide bat ere aipatu zuen: Conchako bandera bukatu ostean bi Urdaibaiko eta Hondarribiko zaleak elkarri txalotzen. "Kirolariok badugu eragina zaleen jarreran".

Errespetuarekin

Zaleak oso gertutik izaten dituzte Kortazarrek eta Irizarrek. "Nirekin batera korrika doan edozein ikusle da zale. Baita, entrenatzen nagoenen, mendian dagoen artzaina ere", esan zuen elgetarrak. "Zaleak ondoan izatea oso aberasgarria da. Berotasuna ikaragarri nabaritzen da, batzuetan, arriskutsuegia den arren", gaineratu zuen oñatiarrak.
Oihana Kortazarren ustez mendiko lasterketetako zaleek badute beste ezaugarri bat: "giro sanoa dago gure artean. Irteera puntuan elite mailakoak eta popularrak elkartzen gara. Gure zale direnak, gurekin egin dezakete korrika. Publikoa oso fidela da". Eta fideltasun horren adibidea ere ipini zuen: Zegama-Aizkorri lasterketan, Sancti Spiritu inguruan sortzen den zale korridorea. "Oilo ipurdia ipintzen zait han. Eguraldi ona edo txarra egin, jende andana egoten da bertan. Ikusgarria da".

Salamankako zaleen lezioa

Kantxan emakumezkoen LF2 mailara igoera lortu arren, plaza barik geratu zen Azpeitiko Añares Rioja ISB taldea. Klubak ez zuen etsi eta LF1 kategorian –maila bat gorago– hutsik zegoen plaza erosi zuten, urtebete han jokatu eta maila galdu ostean LF2an jokatzeko. Bazekiten denboraldi gogorra izango zela. Askok zenbat partidu irabaziko ote zituzten apustu egin zuten. Baina, gorengo maila horretako zaleen jarrera azpimarratu zuen Lizaratzuk. "Salamankan, Perfumerias Avenidaren kontra jokatu genuenean, 3.000 zale zeuden kantxan. Errepaso itzela eman ziguten. Lehia bukatu eta luzapenak egin ostean, banaka-banaka, aldageletarako bidea hartu genuen. Orduan konturatu ginen Salamankako zaleak harmailetan zeudela oraindik eta gu txalotzeko geratu zirela".

Kantxan lortutako balentriak zale asko erakarri ditu, eta hori ere, eskertu egiten dute jokalariek. "Azkoitian eta Azpeitian tradizio handikoa da saskibaloia eta iaz, gure partiduetara, 600 bat zale joaten zen. Kopuru hori normala zen mutilekin, baina ez gurekin. Oso eskertuta gaude", esan zuen Iraurgiko jokalariak.

Jon Salsamendik gogora ekarri zuen kirolariak zale barik ez direla ezer. "Gure bizitzaren parte dira. Bermeon entrenamendu  hasieran eta bukaeran zale asko egoten da gure zain: animoak emateko, argazkiak eta sinadurak eskatzeko... Herri osoa dago Urdaibairen atzetik. Eta hori behar dugu. Bestela norentzako gaude?".

Zaleen sentimendu horren harira, beste adibide bat ipini zuen Irizarrek: Euskaltel-Euskadi taldea. Marea laranja ekarri zuen taldea. "Euskaldunon izaera nolakoa zen erakusten zuten  taldeak eta zaleek. Kamiseta laranjarekin sortutako zaletasuna handia izan zen. Sentimendu baten adierazle nabarmena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak