goiena.eus

Bailarako eredu ekonomikoa Montrealgo GSEF2016 Foroan defendatzera

  Ekonomia  Arrasate

Maria Ubarretxena Kanada aldera joateko maletak prestatzen ari da irailaren 7tik 9ra Montrealen ospatuko den GSEF2016 Foroan Arrasate ordezkatzeko. Horretaz gain, Bilboko Udalak bere hautagaitza aurkeztu du kongresu hori 2018. urtean antolatzeko, eta hura defendatzea izango da alkatearen beste zereginetako bat.

Maria Ubarretxena Montrealen izango da irailaren 7tik 9ra ospatuko den Gizarte Ekonomiaren Mundu mailako III. Foroan parte hartzeko. Kongresua bi urtetik behin egiten da eta bere helburu nagusia garapen ekonomiko jasangarri eta orekatuaren motor izatea da.

Horretarako 2.000 pertsonatik gora batuko dira 35 herrialdetako gizarte ekonomiari buruzko 90 proposamen inguru jorratzeko. Foroan Paris, edo Rio de Janeiro de Janeiro bezalako hiriek hartuko dute parte eta Arrasate aurkezteko eta bailarako Gizarte Ekonomia balioan jartzeko asmoz doa Ubarretxena Montrealera. Bi ekintzatan parte hartuko du. Horietako batean Seul, Lille, eta Montreal hirietako alkateekin batera mahai borobil batean hitza hartuko du.  


"Montrealgo alkate Denis Coder gurekin kontaktuan jarri zen gonbidapena helarazteko.  Kooperatibei esker Arrasatek mundu mailan duen oihartzuna guk uste duguna baino handiagoa da, eta oso pozik gaude era honetako kongresu batean parte hartzeko aukera izateagatik. Hori aprobetxatu nahi dugu, gure ereduaz harro gaudela esateko". adierazi du Ubarretxenak Arrasate Irratiko mikrofonotan.

Bilbo 2018 defendatzera

Arrasate eta Bilbo izango dira aurtengo kongresuan izango diren hiri euskaldun bakarrak. Bizkaiko hiriburuak parte hartzeaz gain, 2018. urtean kongresua Bilbon egiteko hautagaitza aurkeztera doa. Hurrengo kongresua Euskal Herrira ekartzea lortuz gero, Arrasatek bertako ekintza batzuk hartzeko aukera edukiko luke, beraz, Bilbo eta Arrasate eskutik emanda joango dira.


"Bilboko Udalak proposamena egin zigun beraien kandidatura babesteko, eta gure erantzuna baiezkoa izan zen. Guk ere apustua egin nahi dugu hemendik bi urtera kongresu hori Euskadin ospatu dadin, eta Arrasatek bertan parte hartze aktiboa eduki dezan" adierazi du Ubarretxenak.
Hori lortzeko harreman  zuzena mantentzen ari da Arrasateko Udala Bilboko eta Foroko ordezkariarekin. Besteak beste, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Konfekoop bezalako erakundeek eman diote babesa Bilboren hautagaitzari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa