Iker Barbero arrasatearrak Martinez Valls Basquet taldean jokatuko du

Eneko Azurmendi 2016ko abu. 30a, 14:41

24 urteko hegal-pibotak MU utzi eta Valentziako taldean jokatuko du datorren denboraldian. Iragan denboraldian biko saskiratzeen portzentajean laugarren onena izan zen, eta lehena tapoien portzentajeari dagokionez.

Iker Barbero arrasatearrak Valentziako Martinez Valls Basquet taldean jokatuko du datorren denboraldian, orain arte MU taldean aritu ostean. Barberok dio eskaintza "erakargarria" izan dela eta herriko taldea uzteak "pena handia" ematen dion arren, esperientzia hau bizitzeko eta erronka berri honi aurre egiteko gogotsu dagoela adierazi du.

Denboraldi baterako kontratua edukiko du arrasatearrak, baina igotzeko aukera asko dituen talde batera doa eta helburu hori lortuz gero, zuzenean urtebete gehiago luzatuko zaio kontratu hori.

Ontinyent herriko taldea Lehen Nazional Mailan ari da, hau da, MU taldea dagoen EBA liga baino maila bat beherago. Hala ere, Barberok azpimarratu du ez dela atzerapauso bat eta bere burua Espainia mailan ezagutarazteko aukera egokia dela.

Horrez gain, Valentzia aldean lanen bat bilatzen ere saiatuko da Barbero. "Bertako umeak entrenatzeko aukera izango dudala esan zidaten eta bestelako lanen bat bilatzen ere lagunduko didate", azaldu du.

MU taldeari dagokionez, hitz onak besterik ez ditu eta orain arte bizi izandako guztiagatik eskerrak eman nahi izan dizkie berarekin ibilitako guztiei. Hala ere, bueltatuko dela nabarmendu nahi izan du eta gaineratu du ez dela agur bat, gero arte bat baizik.

Gaur bertan abiatu da haruntz eta bihar aurkeztuko dute Ontinyenten. Denboraldi-aurrea talde berriarekin egin ostean, urriaren 8an hasiko du denboraldia Barberok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak