Iñigo Uribarren eta Malen Ruiz de Azua, dominen bila

Mireia Bikuña 2016ko uzt. 22a, 11:30

Espainiako Absolutu Mailako 96. Txapelketak jokatuko dituzte aste bukaeran Gijonen. Arrasatek ordezkaritza zabala izango du han: Eneko Carrascal, Iñigo Uribarren, Istar Dapena, Malen Ruiz de Azua eta Maialen Axpe lehiatuko dira, pertika-jauzian, salto hirukoitzean eta luzera-jauzian. 

Aurreko domekan, Mojategin egindako entrenamendu saio libreetako izarretako bat Istar Dapena izan zen. 5,20 metroko pertika-jauzia egin zuen, sasoiko dagoela erakutsiz. Hori horrela, "gogotsu" doa Gijonera "Disfrutatzeko asmoz joango da. Bi helburu diru: sailkapenean postu ona lortu edo marka pertsonala hobetu", esan du Jonathan Perezek. Dapenak, ekain bukaeran,  brontzezko domina lortu zuen Lurraldekako Espainiako Txapelketan. "Gijongo txapelketa saria da Istarrendako", azpimarratu du Perezek. Zapatuan, 19:00etan, lehiatuko da.


Ruiz de Azua eta Axpe

Malen Ruiz de Azua eta Iñigo Uribarren dira dominak janzteko aukera handiena dutenak. Pertika-jauzian lehenak, eta salto-hirukoitzean bigarrenak. "Domina da euren helburu nagusia. Dominaren kolorea da ezagutzen ez duguna", esan du entrenatzaileak.  
Bere kategoriako Espainiako Txapelketa irabazi ostean, sasoiko eta anbizio handiarekin dago Ruiz de Azua. "Aurreko domekan egindako testaren emaitzak oso onak izan ziren. Domina eta marka pertsonala eskura ditu. Baina, atletismoa ez da matematika hutsa, eta, egunean bertan sor daitezkeen egoerak ere kontuan hartu beharko ditugu", dio Perezek.
Naroa Agirre –hamargarren txapela jantzi gura du–, Carla Franch, Meritxel Benito eta Maialan Axpe dira podiumean sartzeko arerio nagusienak.
Axpe ere aurreneko lekuetan sailkatzeko lehian egongo da. Irailetik Bartzelonan entrenatzen dabil Axpe eta gogotsu eta ilusioz  dago Gijongo txapelketara begira. Axpe eta Ruiz de Azua domekan, 18:45ean, lehiatuko dira.

Uribarren

Bi modalitatetan lehiatuko den arren –salto-hirukoitza eta luzera-jauzia– Uribarrenen helburua, salto-hirukoitzean, absolutu mailako lehen domina janztea da. "Bere kategoriako hainbat domina ditu, baina absolutu mailakorik ez. Aukera handiak ditu. 16,35 metroko saltoa dauka begiz jota. Hori izango da beste erronketako bat", esan du. Domina lortzeko bidean Pablo Torrijos, Emilio Bellido eta Alfonso Palomanes izango ditu kontrario nagusi.
Salto-hirukoitzeko lehia, zapatuan, 20:35ean, izango du. Bestalde, domekan, luzera jauzia egingo du. Helburu zehatz barik, disfrutatzeko gogoz egingo du salto Uribarrenek. "Saria da luzera-jauziarena. Ondo egiten du salto modalitate horretan. Espainiako Txapelketa bere burua epaitzeko aukera ona izango da".

Carrascal

Salto-hirukoitzean lehiatuko da baita ere Eneko Carrascal.  Tbibilisen (Georgia) jokatutako Europako txapelketatik etorri berri, disfrutatzeko eta ikasteko gogoz jantziko ditu zapatilak. "Absolutu mailan lehiatzea saria da Enekorendako. Uribarrenekin eta beste hainbatekin lehiatuko da. Punta-puntako atletak ezagutzeko aukera izango du", aipatu du Perezek.
Europakoan bederatzigarren salto onena egin zuen. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak