Arrasateko EH Bildu kezkatuta Udal Gobernuaren euskara politikarekin

Xabi Gorostidi 2016ko uzt. 21a, 12:33

Koalizio abertzaleak Udal gobernu taldearen batzarrak gaztelera hutsean egiten direla salatu du. Horretaz gain, Euskara Batzordetik euskara saileko teknikari buruaren balorazio txostenaren zain jarraitzen dutela jakinarazi dute.

Jarraian Urki Larrea zinegotziak bidalitako komunikatua osorik:

ZEIN DA ARRASATEKO PNV-PSOE UDAL GOBERNUAREN EUSKARA POLITIKA?

Azken legegintzaldia urtebete dela hasi genuen arren, oraindik ez dakigu zein den Arrasateko udal gobernuaren euskara politika, ez eta zein den honi ematen dion garrantzi maila ere. Euskararen Txantxangorria udal eraikin askotan ikusi dugu alde guztietan zintzilik, Alkatearen mikrofono aurrean pleno aretoan, eta baita Alkatearen beraren ahotan ere. Hitz politak, bai, baina guk ekintzak botatzen ditugu faltan.

Udaleko erabileran ere ezaguna zaigu bertan gabiltzanoi euskararen presentzia asko jaitsi dela. Udalak emandako datuetan oinarriturik, 2014ean 13 batzorde informatibotatik 2tan egiten zen ia beti gazteleraz (%15a) eta 2016an, aldiz, 8 batzordetatik 2tan beti egiten da gazteleraz (%25) eta 3tan ia beti (%37,5). Tokiko gobernu batzarreko, hau da, udal gobernu taldearen batzarretako bilera guztiak egiten dira gazteleraz (%100), lehen guztiak euskaraz egiten zirelarik. Plenoetan ere gaztelera sarri entzun behar izaten dugu, lehengo legegintzaldian gertatzen ez zena.

Arrasateko EH Bilduko zinegotzi taldekoak arduratuta gaude guzti hau dela eta, ez baitugu uste euskarari behar besteko garrantziarik ematen zaionik. Hobeto esanda, Arrasateko PNV-PSOE udal gobernuarentzat euskara bigarren mailako gaia da. Izan ere, zein burutan sartzen da euskara teknikari-buruaren lanpostua ez berritzea edo, gutxienez, behar besteko garrantzia ez ematea?

Datorren urriaren erdi aldera, Udaleko euskara teknikari-buruak erretiroa hartuko du eta oraindik ez dakigu lanpostu hau beteko den ala ez. Zinegotziok maiatzaren 31ko batzorde informatiboan jaso behar genuen langile horrek egindako Euskara Sailaren balorazio txostena, aipatu sailak dituen zeregin, gabezi, behar eta abarrak adieraziko lituzkeena. Euskara batzordeko kideok ez genuen txosten hau jaso PNVkoa den batzorde-buruak atzera bota zuelako, udal gobernuak landu gabe daukan gaia delako aitzakiarekin. Gaur, uztailak 19, erantzun bera jaso dugu, aurreko asteetan izan ditugun bi batzordeetan jaso dugun berbera.

Euskarari dagokionez Arrasateko antzerako egoeran dauden Gipuzkoako gainontzeko herrietan Euskara sailak 4 eta 6 langile artean ditu. Tolosa, Hernani, Andoain, Pasaia, Lasarte... Bergarak, adibidez, 4; Zarautzek, 6... Arrasaten, 4 langile daude Euskara sailean, baina kontuan izan behar da lau langile hauetatik batek lanordu murriztua daukala (4 ordutara dago eta Kultura zein Euskara sailetako harrera lanak egiten ditu: telefonoa, harrera zuzena...) eta beste bat udaletxeko itzulpenetara bideratuta dagoela lanaldi osoan (oraingo legegintzaldian inoiz baino lan gehiagoz, bide batez esanda).

Hori dela eta, praktikan 2 langile gelditzen dira, horietako bat teknikari-buru delarik. Benetan uste al duzue erabaki hau hartzeko hainbeste denbora behar dela? Euskara saila 2 langile eta erdirekin uztea eta teknikari-bururik gabe uztea pentsatzen ari al zarete?

Urki Larrea Ibabe

Arrasateko EH Bilduko udal taldearen izenean

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak