Lantegi bateko bizipenak kontatzen dituen ikuskizuna

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko uzt. 2a, 10:00
Gasteizen ekainaren 10ean egin zuten estreinaldiko une bat.

Askotariko diziplinak -zirkua, antzerkia eta zuzeneko musika- batzen ditu Lurrak-ek. Estreinatu berria den lana Zaldibar frontoian eskainiko dute etzi, domeka, 20:00etan.

"Zirku garaikidearen ezaugarria da zirku-teknikak erakusteaz gainera istorio bat kontatzea. Guk ere horrela egin dugu, eta 70eko hamarkadako Euskal Herrian girotu dugu, industrializazio garaiko lantegi batean. Mundu ikuskera ezberdina dugun lantegi bereko langileak gara taularen gainean gauden bederatzi lagunak", azaldu du Gaizka Chamizo aktoreak.

Iaz otsailean sortu zuten -espresuki ikuskizun honetarako- Lurrak taldea. Eskarmentu handia duten artistek osatzen dute: Ortzi Acostak -Circo del Sol konpainian urteetan jardun duenak-; Izaskun Agirresarobek -aireko akrobazietan espezialista denak-; pailazo eta antzerki formazioa duen Gaizka Chamizok; Kataluniatik ekarri duten Marc Muñoz eta Nuria Puig bikote akrobatikoak; Mikel Hernandez eta Anai Ganbra txalapartariek; askotariko musika tresnak jotzen dituen Roberto Castrok; eta Gotzon Batikon trikitilariak.

Guztientzako

Ikuskizunaren berezitasuna da ez daudela aktoreak alde batetik eta musikariak bestetik. Kide bakoitza ongi definitutako pertsonaia baten azalean dago sartuta eta hainbat gauza egiten ditu. "Oso ondo ulertzen da bakoitzaren rola. Diziplina ezberdinak elkarrekin eta modu naturalean ondo fusionatzea izan da gehien kostatu zaiguna. Ohiko antzerkigintzatik badu, nahiz eta hitz gabeko elkarrizketak diren gehienak. Era berean, zirku-jolasak ere badaude, baina jolas horiek ere istorioa kontatzeko tresnak dira. Zuzeneko musikak ere garrantzi handia du kontakizunean; ez da soinu-banda hutsa", dio Chamizok.

Edozeinek ulertu eta ondo pasatzeko modukoa dela dio aktoreak. "Oso bisuala da; haurrentzako eta helduentzako aproposa. Horrela adierazi ziguten Gasteizen ekainaren 10ean egin genuen estreinaldian, eta astean Bilbon egin dugun emanaldiko ikusleek ere bai. Kalean egiteko lana da baina udazkenean, hainbat moldaketa egin ondoren, aretoetara eramateko asmoa dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak