San Juan jaiak 2016

Erraldoi konpartsa, herria girotzen

Imanol Beloki Unamuno 2015ko ira. 1a, 12:50
Udaletxe aurrean Erraldoi eta Kilikien Konpartsa talde argazkian.

Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsa erreferente da sanjuanetan herriko kaleak girotzen.  Gaiteroek lagunduta, askotariko ekitaldietan hartu dute parte San Juan jaietan azken 30 urteetan: Errementari Dantzan, Arrasate Musikaleko bandaren kalejiran… besteak beste.

Erraldoi eta Kilikien Konpartsa herriko hainbat jaitan ibiltzen da Arrasateko kaleetan zehar. Sanjuanetan, santamasetan eta Inauterietan, esaterako. Auzoko jai askotan ere egoten dira, eta orain, sanjuanak gainean direla, gertu daude erraldoi eta kilikiak dantzara ateratzeko.

Taldea sortu zenetik hainbat gorabehera izan dituzten arren, beti egin du aurrera konpartsak. Ahalegin berezia egin dute taldekideek ondorengotza ziurtatzeko, eta azken urteotan gaztetxo ugari batu dira taldera. "Gure helburua konpartsa aurrera ateratzea da, eta beti izan da. Konpartsa txiki, ertain eta nagusiaren zikloa osatuta, proiektuarekin aurrera jarraitzea da gure asmoa", adierazi du Iñaki Arsuagak, konpartsako kideak.

Gaur egun, hiru multzotan batzen da konpartsa: txikien taldean 6 eta 10 urte bitarteko neska-mutikoak daude; erdiko taldean, 10 eta 14 urte bitartekoak; eta nagusien taldean, 15 urtetik gorakoak. "Jende dezente batzen gara, baina hobe da soberan izatea faltan edukitzea baino. Batez ere, konpartsa ertainean eta handian dugu falta handiagoa".

Urtero moduan, ekainaren 23an, bezperan, Errementari Dantzan izango dira konpartsakoak, eta 24an, erdiko kaleetan bira egin ondoren, bandarekin elkartu eta kalejiran joango dira Seber Altubetik Arbolapetaraino. Ostean, ohorezko aurreskua dantzatuko dute udal agintarien eta San Juan Batailatzailearen irudiaren aurrean.

Borondatez, eta gogotsu

Musu-truk, herrian eta herritik kanpora irteten dira konpartsakoak ahal duten guztietan. Duela urte batzuk berriak jarri zituzten, eta pisu txikiagoarekin hobeto maneiatzen dituzte. Itxuraz berdinak izan arren, material arinagoekin, erraldoia daramana hobeto aritzen da.

"Erraldoi bakoitza eramateko lau pertsona behar izaten dira, nahiz eta txikia, ertaina edo handia izan. Horrenbestez, 60 pertsona inguru behar izaten ditugu lanerako. Hauez gain, laguntza ere beti izaten dugu, eta behar izaten da, gainera", adierazi du Iñaki Arsuagak.

Emakumezkoei gonbita

Beti izaten dute jendearen beharra konpartsakoek, eta taldean emakumezko gehiago izateko gogoa adierazi du Arsuagak: "Emakumezko gehiago izatea asko gustatuko litzaiguke. Txikien taldean badago bateren bat, baina ez dela hain gogorra helarazi behar diegu. Pisuak atzera botatzen ditu asko, eta, hain astuna ez dela ikusteko, probatzera animatu gura ditut".

Aurten, gainera, konpartsa ertainetik handira ere pasako da gazteren bat edo beste. Izan ere, duela urte batzuk hasi zuten proiektu berriaren funtsa hori da. Taldeak banatu, ikasten joan eta batetik bestera pasatzen joatea da helburua, batez ere, konpartsa handiak indarra hartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak