Herri galdeketa

"Eskerrik asko herri galdeketa egia bihurtzen lagundu duzuen guztioi"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko eka. 13a, 15:31

Arrasateko Gure Esku Dagok bideo berezi batekin eskertu nahi izan du ekainaren 5aren bueltan lanean aritu diren boluntario eta parte hartu zuten herritarren lana. Oihan Vitoria eta Jone Martinez izan dira behean ikusgai dagoen bideoaren egileak.

Arrasateko Gure Esku Dagoren oharra osorik:

"Kaixo lagun,

Bideo txiki honen bitartez eskertu nahiko genizuke pasa den igandeko herri galdeketa egia bihurtzen lagundu izana.

Herri mugimendutik antolatutako ekimenak ez lirateke posible izango herritarren parte hartzerik gabe. Ekainaren 5eko herri galdeketa ere, ez legoke, zu gabe, aurrera eramateko aukerarik.

Horregatik, igandean ez ezik, egun horri begira lanean eskuzabal aritu zineten boluntario guztiei, eskerrik asko! Bozkatzera eta giro onean kaleak alaitzera hurbildu zineten herritar guztiei… mila esker! Eta nola ez, gure eskerrik beroenak laguntzaile izan ditugun herriko enpresa, taberna, denda…. guzti-guztiei!

Igandekoa ederra izan zela, zalantzarik ez dago. Hala ere, uste dugu guztion artean erdietsitako bidearen lehen pausoa besterik ez dela; alegia, asko daukagula oraindik egiteko. Eta horretarako daukagula etorkizuna gure esku.

2013ko giza katean 3000 arrasatear baino gehiago bildu ginen eskuak elkarlotzeko ilusioz. Bi urte geroago, 4505 pertsona izan gara hautetsontzietan gure nahia zein den erakutsi nahi izan dugunak. Lortutakoarekin harro egonagatik, ziur gaude askoz gehiago izan gaitezkeela.

Horregatik, laster, erabakiaren bidean elkar ikusiko dugulakoan… besarkada bat!

Gure Esku Dago Arrasate"

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak