Herri galdeketa

Emakumeen Mundu Martxa: "Haziak ereitera goaz"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko mai. 24a, 17:43

Emakumeen Mundu Martxako kideek adierazpen bat kaleratu dute ekainaren 5eko herri galdeketaren harira: "Emakume sufragistek ere, aspaldi, emakumeon erabakitzeko eskubidearen garrantzia zabaldu zuten mundu osoan barrena", adierazi dute.

Jarraian, adierazpena osorik:

"Emakumeon Munduko Martxako Haziak Ereitera goaz.

Gure Esku Dagok, ekainaren 5ean erabakitzeko eskubidea eraiteko proposamena egin du gure eskualdean, eta guk Emakumeon Mundu Martxako (EMM) haziak eraiteko prest gaudela aldarrikatu nahi dugu. Pasa den urtean, EMMak hazien garrantzia aldarrikatu zuen, besteak beste, elikadura burujabetzaren aldeko borrokaren garrantzia gogora ekarriz. Eraiten den hazien araberakoa da jasotzen den uzta, eta horrela, indarkeriarik gabeko gorputz eta lurraldeen alde, bizitzaren iraunkortasuna erdian jartzen duen sistema baten alde, gorputz eta sexualitate askatasunaren alde eta aniztasuna aitortuz gure artean aliantzak ehuntzearen alde haziak erein genituen gure bailaran. Eta jarraitzen dugu.

Gure Esku Dagok, parte hartze demokratikorako eskubidearen aldarria jarri du euskal jendartean erdigunean. Mugimendu feministako aitzindari izan ziren emakume sufragistek ere, aspaldi, emakumeon erabakitzeko eskubidearen garrantzia zabaldu zuten mundu osoan barrena. Beraiek argi zuten, garaiko legediak esanak esan, momentuko politikaren erdigunean emakumeon behar eta interesak egon zitezen, gure ahotsa entzunaraztea ezinbestekoa zela.

Hala ere, historiak erakutsi digu bozka emate hutsa ez dela nahikoa eta horregatik emakumeon hitzak zidorretik erdigunera pasa nahi ditugu. Eraiten diren hazi horietan gure haziak ere egongo direla ziurtatu nahi dugu, loratu daitezkeen proiektu berrietan gure aldarrikapenak oinarrian egon daitezen.

Egunero eta sistematikoki bizitzako eremu desberdinetan gure aurka egiten duen sistema hau dagoeneko ezagutzen dugu, eta horregatik, oraina zein etorkizuna diseinatu nahi dugu. Gutxietsita gauden bazterretatik, ezberdintasun guztiak aintzat hartuta, batu eta elkarrekin erdigunean egon nahi dugu. Parte-hartze prozesu guztietan gure ahotsa azalarazi eta proiektu berriak alternatiba errealez jantzi nahi ditugu. Eremuz eremu, aukera guztien artean guretzat hoberena dena aukeratu nahi dugu: hezkuntzan, osasunean, ekonomian, kulturan…

Ez digute historia liburutan gure emakumeen izenak idazten utzi, baina oraina gara, eta biharko eskoletan neska gazteek erreferente izango dituzten emakumeen izenak ikas ditzaten nahi dugu: filosofoak, zientzialariak, borrokalariak, kirolariak, idazleak, musikariak, politikariak …                    Baina, aldi berean, biharko eskoletan, arrakasta eta lehiaren eredutik harago, lehen lerroan eta hizki larriz idazten den hori birdefinitu nahi dugu, bertso txikitan idazten den historia liburuak mahai gainera ekarriz.

Horregatik, dei egiten diegu Arrasaten eta eskualdean bizi diren emakume guztiei, bizitza erdigunean jartzen duen jendarte eredu feminista eta anitza elkarrekin erein dezagun.

Eraiten ditugun haziak, mimoz ureztatu eta zainduz gero, laster loratuko dira!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak