Zapatuan kiroldegi kanpoko aparkalekuan egingo dute bazkaria Arrasateko erretiratuek

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko mai. 26a, 13:04
Iaz kiroldegi barruan egin zuten bazkaria, kanpoko kantxetan.

Adikzioaren legeak kiroldegi barruan alkohola edan eta erretzea galarazten duela-eta, SUDC elkarteak erabaki du Erretiratuen Eguneko bazkaria kiroldegi kanpoko aparkalekuan egitea: "Karpa handi bat jarriko dugu eta bertan egongo dira komunak eta beharrezko ekipamenduak. Ondo egongo gara", diote SUDCekoek. 750 bat lagun espero dituzte.

Egitarauari dagokionez, urteroko plana mantenduko dute:

11:00 Jai hasiera adierazteko kalejira eta suziri jaurtiketa

12:30 Herri-meza San Juan Bataiatzailearen elizan

13:30 Garibai kaletik kiroldegira joango den autobusaren irteera

14:00 Bazkaria kiroldegi kanpoko aparkalekuan

16:00 Adinez nagusienak diren emakumeari eta gizonari sari banaketa. Ondoren, dantzaldia eta sari berezien zozketa.

"Harro" 50. urtez eguna antolatzeaz

Hamaika dira urte osoan zehar SUDC elkarteak antolatzen dituen ekitaldiak eta biharko Erretiratuen Eguna izango da horren beste adibide bat. Elkarteen elkarteak –gaur egun herriko elkarte gastronomiko ia guztiak batzen ditu, 23 inguru– 50 urte egin ditu aurten: "Omenaldia egiteko dagoen batzorde antolatzailea harro dago funtzio hau aurrera eramateagatik. Lan handia suposatzen du baina, helburua ikusita, gustura egiten dugu. Erretiratuei eskertu behar diegu urteetan zehar egindako lana; gure herrian egindako ahaleginak, dedikazioa... Denok ezagutzen ditugu lorpenak".

Aurten 750 lagundik gora elkartuko dira eta antolatzaileek ezin dute aurreratu oraindik zeintzuk izango diren amaieran omenduko dituztenak: "Osasun arazoren bategatik, eguraldiagatik... Agian azken orduan ez dira agertzen eta horregatik ez dugu izenik ematen aldez aurretik", adierazi du antolakuntzako Andoni Altzelaik. Prestaketetarako, 08:00etan elkarte bakoitzeko bi kide elkartzen dira mahaiak eta bestelakoak muntatzeko, eta ondoren catering enpresa batek ematen die bazkaltzen erretiratuei, betiere SUDCekoen laguntzarekin.

Kiroldegiko aparkalekuan

Adikzioaren legeak kiroldegi barruan alkohola edan eta erretzea galarazten duela-eta, aurten erabaki dute Erretiratuen Eguneko bazkaria kiroldegi kanpoko aparkalekuan egitea. Karpa handi bat jarriko duten arren, espero dute eguraldiak laguntzea: "Euria eta hotza egiten badu adineko jendea deseroso egon daiteke...", dio Altzelaik. Hala ere, aldaketari begira baikorrak dira: "2016ko ospakizunak 2015ekoa gaindituko duen ziurtasun osoa dugu". Amaitzeko, antolatzaileek eskerrak eman dizkie Udalari eta eguna antolatzea posible egiten duten enpresa guztiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak