Hastear dira San Andres auzoko jaiak, aspaldiko egitaraurik zabalenarekin

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko api. 29a, 14:58
Bergarako Zezenak-en eskutik zezentxoak eta poneyak egongo dira aurten ere.

Bi ordu eskas barru hasiko dira jaiak Arrasateko San Andres auzoan. Azken urteetako egitarau zabalena lotu dute; txakurren erakustaldi bat antolatu dute lehen aldiz, eta aspalditik –15 bat urte gutxienez– galduta zeuden herri kirolak berreskuratu dituzte. Auzoak alkatetzarik ez duenez, Jose Luis Etxebarria Porru-k gidatutako boluntario talde batek antolatu ditu festak aurten.

Gaur hasiko dira jaiak suziri jaurtiketarekin (16:30) eta gero Txatxilipurdirekin askotariko jolasak izango dira Kurtzetxiki plazan (17:00). Gauean, Gudarien Plazan, Sin + taldeak joko du (22:00).

Bihar, zapatua, Incansables txarangarekin poteoa (13:00), bazkaria Gudarien Plazan (14:30) –espero dute gutxienez 100 lagun elkartzea–; gaztetxoentzat zezentxoak eta poniak Hiruki Plazan (16:00); txakurren erakustaldia Wurssy elkarteak antolatuta (18:30) –auzoko bizilagun David Espinosa aritu da antolakuntza lanetan– eta punk kontzertua izango dituzte Gudarien Plazan. Libertad Condicional, Kadena Perpetua, Zarzamora, Screammers & Sinners eta Subversion X taldeak igoko dira agertokira (22:00).

Domekan, meza nagusia (12:00), gaiteroekin kalejira eta herri kirolak –Aratz Mugerza eta Xabier Zaldua aizkoran eta korrikan, eta Irati Astondoa eta Karmele Gisasola txingekin, ingudearekin eta aizkorarekin– Gudarien Plazan (12:30) eta Corazon de Encina elkarteko erretiratuendako bazkaria (14:30) izango dituzte.

"Lotura berezia" auzoarekin

San Andres auzoarekin "lotura berezia" dauka Etxebarriak: "Jaiotzez aretxabaletarra naizen arren, Arrasateko udaltzainburu izateko bertan bizitzea jarri zidan baldintza moduan orduko alkate Jose Antonio Ardanzak. Horregatik etorri nintzen Arrasatera, eta San Andresen erosi nuen etxea. Erdigunean baditut lagunak, baina San Andresekiko lotura berezia daukat. Horrek animatu ninduen festak antolatzera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak