Anger taldeak Azken Sute Dantza eskainiko du gaztetxean

Maite Txintxurreta 2016ko ots. 12a, 12:15

Bihar birako azken kontzertua emango dute, agertokietatik jaitsi aurretik. Fly Shit bergararrek ere joko dute, 22:30ean hasita, eta kontzertu biak bukatu ostean DJak izango dira.

Anger taldeak oraingo zapatuan, otsailaren 13an, Sute perfektua biraren amaiera ospatuko du Arrasateko gaztetxean, Azken sute dantza, izenburupean. "Euskal Herriko Hardcore talde handienetakoa" den Fly Shit talde bergararra ere izango da oholtza gainean, eta kontzertu ostean, Dj Basarana eta Dj Pontxek girotuko dute gaua. 22:30ean hasiko da kontzertua. Taldeko kideek dei egin diete zaleei Arrasateko gaztetxean haiekin batera ospatzeko azken emanaldiarekin.

Aurkezpen birak izan duen harreraz galdetuta, "gure mailan  harrera oso ona izan duela esan daiteke", dio Arkaitz Biainek, Angereko abeslariak. Taldekoak eurak ere oso gustura ibili dira: "kontzertuetan jendea gustura baldin badago, eta norbera ere bai, horrek emaitza positiboa ekartzen du", adierazi du.

Zehaztu gabeko geldialdia

Azken sute dantzaren ondoren agertokiak utziko ditu Angerek. Euren asmoa "zehaztu gabeko denbora baterako geratzea da", eta ez dakite itzuliko diren: "planteatu genuena izan zen bira bukatzea, eta hemendik aurrera, ikusiko dugu".

Nabarmendu du, hemezortzi urtez talde moduan aritu ostean, "lagun talde bat" direla, eta "laguntasunak eta sormenak" batzen dituela. "Aurrera begira, laguntasuna hor egongo da, jakina, eta sormenerako gogoa eta aukerak baldin badaude, horri eutsiko diogu; baina hori ez bada etortzen ere, ez da ezer gertatzen, lagun talde horrek existitzen jarraituko duelako, eta guretzat hori da garrantzitsuena"; hala azaldu du Angereko kideak.

Etxean hasi eta bukatu

Duela urtebete pasa hasi zuten Sute Perfektua bira, eta Arrasateko gaztetxean bertan eman zuten lehen kontzertu handia. Orain, agurra ere toki berean egingo dute, lagunez inguratuta. "Leku desberdinetan ibili gara, baina etxean jotzea beti da polita, eta bira bukaeran, are gehiago".

Erlazionatuak

Anger taldeko Arkaitz Biain Arrasate Irratian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016 ots 12 Arrasate

Anger taldearen 'Azken sute dantza'

Eneko Azkarate 2016 ots 10 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak