Garbiketa ordenantza berriak adierazpen askatasuna mugatzen duela uste du EH Bilduk

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko ots. 11a, 09:00
Adierazpen gunea (ezkerrean) eta euskararen aldeko mural bat (eskuinean).

Garbiketa ordenantza berri bat onartzeko lanean ari da Arrasateko Udal Gobernua. Obrak Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak batzordean lantzen ari diren arautegi berriak "kalitatezko espazio publiko bat" bermatzea du helburu, eta herritarrei udalerriko garbiketa estrategian "jarrera erantzunkide" bat eskatzen die. EH Bilduk gogor salatu du arautegia eta "lanketa serioa eta sakona" eskatu du onartu aurretik. Izan ere, hasierako asmoa da martxoan indarrean jartzea. 

Esandako moduan, asmoa da ordenantza berria martxoan jartzea indarrean eta oro har garbiketarekin zerikusia duten hainbat esparru hartuko ditu aintzat. Horien artean, besteak beste, pintada, kartel, pankarta, pegatina eta antzerakoak jartzea erregulatuko duen neurriak aurreikusten dira: "Debekatuta dago pintadak egitea, bide publikoan, eraikin publikoen edo partikularren fatxadetan, hiri altzarietan, zuhaitzetan, monumentuetan eta, oro har, edozein kanpoko elementutan".  

Aurre-lanketa baten "beharra"

Oposizioko talde nagusiak, EH Bilduk, ez du ordenantza begi onez ikusten: "Arrasate garbi baten aldeko apustua egiten dugu eta hala adierazi diegu Udaleko arduradunei. Baina aurre-lanketa baten beharra ikusten dugu, izan ere, ordenantza bat onartzea aurretik egindako ahalegin eta lanketen azken hautua izan beharko litzateke".

Arazoak zeintzuk diren aztertzeko diagnostikorik  jaso ez izana ere salatu du koalizio ezkertiar eta abertzaleak: "Diagnostiko hori ezinbestekoa ikusten dugu gaur egungo egoera ezagutzeko. Behin egoeraren berri izanda, heziketarako mekanismoak jarri behar dira martxan, hala nola, sentsibilizazioa, adierazpenerako espazio berriak, neurri zuzentzaileak...".

Zigorren artean –arau-hauste arinak, larriak eta oso larriak daude–, pintada bat egitearren 151 eta 250 euro arteko isunak jasotzen ditu ordenantzak, besteak beste.  Bestalde, ez ditu muralak debekatzen, betiere egileak aurrez baimena eskatzen badu. Gainera, adierazpen askerako "gune artistiko" berriak sortzea aurreikusten du ordenantzak. 

"Mozal lege munizipala"

Arautegiak herritarren adierazpen askatasuna mugatuko duela uste du EH Bilduk. Izan ere, "mozal lege munizipala" deitu diote ordenantzari: "Dokumentuaren ia hiru laurdenak adierazpen askatasuna mugatu eta zigortu nahi ditu. Adierazgarria da ordenantzan debeku hitza 18 aldiz agertzen dela, isuna hitza 17 aldiz eta heziketa hitza ez dela aldi bakar baten ere agertzen. Ordenantza zigortzailea da erabat, lanketa serio eta sakon bat egin gabe".

EH Bilduren arabera, garbiketa hitza "apaintzeko" erabili da soilik: "Garbiketak ez du zerikusirik mezuen edukiarekin eta horien gaineko kontrolarekin. Gainera, mezuak zabaltzeko baimenak lortzeko epaile lanak Udalak egingo ditu. Erabaki horiek nork hartuko ditu? Teknikari batek? Kargu politiko batek? Alkateak? Erabat lekuz kanpo ikusten dugu adierazpen askatasuna mugatu nahi izatea", diote. 

Horrez gain, Udalak aurreikusita dituen adierazpen askerako gune berrien "beharra" dagoela uste dute. EH Bilduk uste du garaiz daudela ordenantza bertan behera uzteko: "Harremanetan gaude Baleike eta Irabazi taldeekin eta herriko beste eragile batzuekin. Ordenantza geratu gura dugu, herritarron eskubideen kontra doalako". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak