Zuhaitz Eguna hilaren 16an ospatuko da Arrasaten

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko urt. 7a, 10:24
Iazko Zuhaitz Feria.

Zuhaitz Egunaren harira, landaketa egingo dute Kurtzetxikin, eta arrasatearrek aukeratutako pago gorria ere landatuko da Arrasate pasealekuan (13:00). Gainera, Zuhaitz Feria egingo dute egun berean Seber Altube plazan (09:00-14:00) eta, amaitzeko, fruta arbolak inausteko ikastaroa antolatu dute Ingurumen Eskolan. 

Kurtzetxikiko landaketarako 09:00etan elkartuko dira Debagoieneko ospitalearen aurrean. Hortik Kurtzetxikira igoko dira eta bertan gaztainondoak eta intxaurrondoak landatuko dituzte. Amaitzeko, mokadutxoa hartuko dute Seber Altube plazan, 12:00ak aldera. 

Sei mintegi Zuhaitz Ferian

Izan ere, Seber Altube plazan hileko hirugarren zapatuan egin ohi den baserritarren azokarekin batera Zuhaitz Feria egingo dute (09:00-14:00). Sei mintegi etorriko dira aurten eta, besteak beste, fruta arbolak, koniferoak, basoko landare autoktonoak eta basoko fruitu txikien espezieak erosteko aukera egongo da. 

Ikastaroa Ingurumen Eskolan

Bestalde, fruta arbolak inausteko eta haien gaixotasunak ezagutzeko ikastaroak ere antolatu ditu Udalak, urtarrilaren 23rako, otsailaren 6rako eta otsailaren 13rako. Saio horiek Ingurumen Eskolan (943 77 04 88) emango dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak