Ehunka arrasatear batu dira plazan presoen eskubideen alde

Eneko Azkarate 2016ko urt. 2a, 13:09
Maialen Arratibel kazetaria batutakoei berba egiten.

Ehunka arrasatear batu dira Gabon Zahar eunean Arrasateko plazan, euskal presoen eskubideak aldarrikazeko eta hilaren 9an, Bilbon, egingo den manifestaziorako dei egiteko. Maialen Arratibel kazetariak testua irakurri du elkarretaratzeara batutako guztien aurrean.  Besteak beste, herriko presoen egoeraren eta haien senide eta lagunen gorabeheren berri eman du. 

Hemen, testua osorik:

 

"Atsaldeon!

Eta eskerrik asko gaur gure deialdiari erantzutearren.

Zazpi preso daude Arrasaten eta baita hainbat iheslari ere. Senide edo  lagun bakoitzak, batezbeste, 1.646km egiten du astero herriko presoak 40 minutuz bisitatzeko. Sakabanaketak, astero 1.526,16 euroko diru kostua eragiten die Arrasateko senideei.

Bereziki larria da Josu Arkauzen kasua, ia 25 urte espetxean doan arrasatear honi Espainiar Estatuak ez dizkio Frantzian bete zituen zigor urteak kontatu nahi, Europako legeek diotenaren aurka. Beste lege urraketa bat.

Sarek antolatutako ekimenarekin bat egiten dugunok zera adierazi nahi dugu:

  • Presoen urruntzea ahalbidetzen duen sakabanaketa politikaren amaiera, pertsona hauek euskal herriratuz. 25 urtez iraun duen neurri hau mantentzeak, presoentzat ez ezik, beraien ingurune hurbilarentzat sufrimendua, eta ondorio larriak, dakartza, heriotza barne. Mendekuan oinarritutako neurri politiko bat izan zen sakabanaketa. Garai berri honetan, neurri politiko berri batek sufrimendu guzti honekin amaitu behar du. 
  • Presoa, pertsona gisa suntsitzea ahalbidetzen duen isolamendu eta bakartze egoerekin amaitzea. 
  • Gaixotasun larriak dituzten presoen kaleratzea. 
  • 70 urtetik gorako adina duten presoak eta zigorraren 3/4k eta 2/3ak beteta dituztenen kaleratzea. 
  • Bizi osorako zigorra eta espetxealdi luzapena ahalbidetzen duten lege eta egoerak indargabetzea. Hala nola, perpetuite Estatu Frantsesean eta 40 urtetako espetxealdia estatu espainolean. 

Horren aurrean, ezin dugu beste aldera begiratu. 

Espetxe politikaren harritzarra mugitu behar dugu. Euskal herrian bakea eta konponbidea lortzeko ezinbesteko urratsa da.

Gatazka konpondu gabe dago oraindik eta gizartearen inplikazioa beharrezkoa da konponbidea lortzeko. Soluzioa etorriko da gatazkaren ondorioak konponduz; besteak beste, 400dik gora presoen zein iheslarien auzia konponduz. gatazka politiko guztietan mahai gainean egon da presoen auzia, eta hemen ere egon behar du. Herritarrok, erakunde eta alderdiei exijitu behar diegu euren agendetan eta negoziazioetan sar dezaten.

Euskal Herrian eta  Arrasaten jasotako babesak asko izan dira. Ibilbide eta ideologia desberdinetako herritar zein hautetsiek ebatu dugu gaur soka batera. Eta horri balioa eman behar diogu.

Harriak mugitzeko soketatik tira eta tira egin behar dugu, batera, etenik gabe eta ahalik eta indar handienarekin. Bilbon izango dugu hurrengo zita. Soka  ebatuz amaitu dugu urtea eta sokatik tiratuz has dezagun hurrengoa. Mugi daitezen harriak!".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak