Joma zegoen lekuan, Lidl eta BM supermerkatuak 2016ko abendurako abian

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko urr. 30a, 08:41
Musakola auzoko Joma lantegi zaharreko botatze lanak, asteon. Argazkia: Garbiñe Goñi.

Joma lantegi zaharrak utzitako orubean Lidl eta BM kateko supermerkatuak joango direla konfirmatu du asteon Baika Gestion enpresa sustatzaileak. Mahai gainean duten proiektuak aurreikusten du bi supermerkatuak 2016ko abendurako abian egotea; lizitazio prozesuan dago orain proiektua eta asmoa da "ahalik eta lasterren" esleitu eta obrak urtea amaitu aurretik hastea. 

Joan den astean hasi zituzten Joma lantegi ohia botatzeko lanak, eta, aurreikuspenen arabera, datozen orduetan amaituko dituzte. Datorren astean hasiko dira hondakinak garbitzeko lanetan, eta hamabost egun iraungo dutela aurreikusten dute. 

Proiektua lizitazio prozesuan dago orain; hau da, eraikiko diren bi pabiloi berrien exekuziorako enpresa esleitzeke dago. Proiektuaren ardura duen Baika Gestion enpresa sustatzaileak jakinarazi duenez, hainbat enpresari egin zaie eskaintza, eta orain, horien artean eskaintzarik onena eta proposamen tekniko osatuena zein den aztertzen ari dira. 

Lur azpiko aparkalekuak

Lidl eta BM kateko supermerkatu berriak joango dira Joma zenak utzitako orubean. Lur azpiko aparkalekuak izango dituzte bi supermerkatuek, bata bestearen ondoan joango direnak. Baika Gestion enpresaren asmoa da lizitazio prozesua "ahalik eta lasterren" amaitzea, urtea amaitu aurretik obrak has daitezen: "Helburua da 2016ko abenduan irekitzea behin betiko bi supermerkatuak; hau da, ordurako biak martxan egotea espero dugu".

Bi supermerkatuek aparkalekuak izango dituzte kanpoan, Gipuzkoa etorbidean, eta supermerkatu bakoitzaren azpian lur azpiko aparkalekuak ere joango dira. Kanpokoak zein lur azpikoak kontuan hartuta, 201 aparkaleku aurreikusten ditu Baika Gestion enpresaren proiektuak. Gainera, pabiloiak aurrefabrikatutako hormigoiarekin eraikiko dituzte; gero, supermerkatu bakoitzaren asmoen araberakoa izango da eraikin barruko antolamendua. 

Erlazionatuak

Eraitsi dute JOMA lantegia zena

Ubane Madera 2015 urr 27 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak