Arrasateko Udalak ez ditu 2016rako zerga eta tasa nagusiak igoko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko urr. 13a, 20:13

Arrasateko Udalak 2016rako zerga eta tasa nagusiak ez igotzea erabaki zuen atzoko osoko bilkuran. EAJk eta alderdi sozialistak proposatutako behin behineko aldaketek jasotzen dute, besteak beste, ondasun higiezinen gaineko zerga eta uraren zein zaborraren tasak bere horretan mantentzea. Proposamen horren aurka agertu ziren gainerako udal taldeak. 

2016rako ordenantza fiskalak behin behineko izaeraz onartu ziren atzoko osoko bilkuran. Tasa eta prezio publiko orokorrak ez igotzea adostu zen, horien artean, urarena eta zaborrarena. Zergei dagokienez, ondasun higiezinen gaineko zerga ere bere horretan mantentzea erabaki zen, eta horren barruan etxebizitza erabilera duten ondasunak ohiko egoitza ez direnean orain arten aplikatzen zitzaien %50eko gainkargua kentzea ere erabaki zuen Udal gobernuak. 

Oposizioa, IBIaren errekargua kentzearen kontra

IBIaren errekargu hori ezabatzearen kontra agertu zen oposizioko talde nagusia, EH Bildu. Alokairua eta etxebizitzarako eskubidea ahalbidetzeko neurri aproposa zela uste du koalizio ezkertiar eta abertzaleak.  

Baleikek ere IBIaren errekargua mantentzearen alde egin zuen eta udal gobernuaren proposamenari hainbat emendakin aurkeztu zizkion, tasa eta zerga batzuei aldaketak proposatuz, baina emendakin horietako bat bera ere ez zen onartu. Hala ere, Baleikeko zinegotzi Igor Urizarrek aitortu zuen osoko bilkuraren amaieran erabaki horiekin ez zuela sorpresa handirik eraman. 

Irabazi koalizioko ordezkari Juan Luis Merinok nabarmendu zuen udalbatza bi taldetan banatuta dagoela eta argi geratu zela hori ordenantza fiskalak onartzerako orduan. IBIaren errekargua kentzearen kontra daudela esan zuen eta horren gainean bi emendakin aurkeztu zituen. 

Esandako moduan, EAJren eta alderdi sozialistaren aldeko botoekin eta EH Bilduren, Baleikeren eta Irabaziren kontrakoekin onartu ziren 2016rako ordenantza fiskalak, behin behineko izaeraz.

Pintaden auzia

Bestalde, atzoko osoko bilkuran eztabaida piztu zuen beste gaietako bat izan zen pintaden auzia. Pintaden aurkako eta herriko ondarea babestearen aldeko EAJren adierazpen instituzional proposamenak PSE-EEren babesa jaso zuen bakarrik. 

EAJko bozeramaile Anuska Ezkurraren arabera azken asteetan pintadak garbitzen 10.000 eurotik gora xahutu ditu Udalak. Horrekin lotuta azpimarratu zuen udal gobernua adierazpen askatasunaren alde dagoela, betiere, espazio publikoak errespetatzen badira. Maria Ubarretxenarendako, “sorpresa” izan zen gainerako udal taldeen ezezkoa.

Era berean, Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak batzordea zuzentzen duen Oscar Garcia zinegotzi sozialistak "konpromisoa" hartu zuen Arrasate pintada gabeko udalerri izateko. 

Oposizioko talde nagusiko bozeramaile Eneko Barberenak, aldiz,  gaia modu sakonago baten landu behar dela aldarrikatu zuen besteak beste. 

Amaitzeko, Emakumeen Mundu Martxaren gaineko adierazpen instituzionala aho batez onartu du udalbatzak. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak