Arrasateko Arenatza sendia (2)

Ubane Madera 2015ko urr. 7a, 09:05
Margarita Arenatza Mexikoko omenaldi batean.

"Mexikoko Moises Cosio enpresaria etorri zen Madrilera 1953an eta bi urteko kontratua egin zidan Colon frontoian jokatzeko. Kontratua amaituta, Madrilen hiru alaba nituenez gero, penintsulara itzultzea erabaki nuen eta pilota ahazten saiatu nintzen… Baina, Juanita ahizpak abisatu zidan nirekin kontatzen zutela proiektu berri batean eta Mexikorako bidea hartu nuen berriro 1956an". Hori da Josemari Velez de Mendizabalen blogean gaur argitaratutako historia "pilularen" pasarte bat. Margarita Arenatza raketista du protagonista, Juanita Olga Arenatzaren ahizpa.

Arrasaten 1925ean jaio zen Margarita Arenatza Zaldibar frontoian hasi zen pilota modalitate hori praktikatzen; Deban segitu zuen eta ondoren, Bartzelonara salto egin zuen. "Bartzelonako frontoian Mondragonesa izenordearekin aritu nintzen. Txapelketa bat irabazi nuen frontoi hartan eta 750 pezeta ordaintzen zidaten. Kopuru polita zen baina gastu handiak genituen. Justi La Vasquita lehengusina nuen orduko erreferentea Bartzelonan", kontatzen du Velez de Mendizabal historiagileak.

Bartzelona-Madril-Mexiko

Bartzelonatik Madrilera eta handik Mexikora joan zen Margarita Arenatza ondorengo urteetan, zehazki 1953an lehenengo eta 1956tik 1974ra bitartean gero, bere karrera profesionala bukatu arte. "Nire ahizpa Juanitari La brazos de hierro esaten zion Mexikoko prentsak. Niri buruz, La pantaletas mil colores idatzi zuten inoiz. Edozein modutan, guk frontoian eman genuen dena eta oso harro nago. Horregatik diot, berriz ere munduratuko banintz, raketista izango nintzatekeela. Pilotak bizitza desberdin bat eskaini zidan eta pilota maite dut", azpimarratu zuen Margarita Arenatzak.

"Raketa ez da egokia emakumeentzat"

Josemari Velez de Mendizabalek kontatzen duen moduan, pilotan, raketisten modalitatea dagoeneko ez da existitzen. 1980ra arte biziraun zuen. Desagerpen horren atzetik, besteak beste, zela ez, matxismoa zegoen, hona hemen bestela Espainian sortutako pilota federazioko lehen arduradunaren berbak, Moscardo jeneralarenak: "Raketa ez da egokia emakumeentzat, lehen lehenik ama izatea pentsatu behar dutenak". 

Kontakizun osoa irakurtzeko Hots Begi Danbolinak blogera jo daiteke. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak