Elkarbizitzaz aurreiritziak hausten

Maialen Torres 2015ko ira. 24a, 06:00

San Juan de Dios ospitaleak, Almen ikastolarekin elkarlanean esperientzia pilotu bat eraman du aurrera: Respaldiza proiektua. Lau egunez, gaixotasun mentala duten 15 paziente eta Almeneko 9 ikasle elkarrekin bizi izan dira Arabako Respaldiza herrian, eta elkarbizitzak erabat aldatu ditu elkarrekiko zituzten aurreiritziak.

“Jar zaitez nire lekuan. Konektatu nirekin”. Hala dio datorren urriaren 10ean ospatuko den Nazioarteko Osasun Mentalaren eguneko leloak. Hain zuzen, lelo hori errealitatean praktikan jartzeko asmoz, Respaldiza proiektua eraman du aurrera aurten San Juan de Dios ospitaleak.

Gaixotasun mental larriak dituzten hamabost pertsonak eta Almen ikastolako bederatzi ikaslek, elkarrekiko zituzten aurreiritziak alde batera utzita, lau egun egin zituzten irailaren hasieran Arabako Respaldiza herrian. Izan ere, hutsetik hasteko espazio bat nahi zuten.

Besteak beste, eguneroko bizitzarako ezinbestekoa den antolaketa gaitasuna landu dute, lau egunetarako menua eta haren aurrekontua prestatuz. Horrez gain, gaitasun sozialak eta ohitura osasuntsuak ere landu dituzte, ikasle, paziente eta arduradunek osatutako taldeetan.

Erronka aberasgarria

"Erronka handia" izan da guztientzat, baina bi aldeek asko jaso dute elkarrengandik. Honela deskribatzen du Jorge Juan Martin pazienteak Respaldizan bizitakoa: "Guztiok nahastuta ibili gara eta oso esperientzia ona izan da. Proiektua martxan hasi aurretik, gutako inork ez zuen joateko gogorik, baina gero ez genuen itzuli nahi", azaldu du.

Lau egunez, elkarbizitzako ohiko ekintzak partekatu dituzte. Horrela, batetik, gaixotasun mentala duten pazienteek ikusi ahal izan dute egonaldi luzeko unitate batean ingresatuta egotetik haragoko bizimoduak eskaini dezakeena. Bestetik, proiektuaren sustatzaileek uste dute, gazteen sentsibilizazioaren bidez, etorkizunean, gaixotasun mentala duten pertsonek gizartean duten irudi negatiboa aldatzeko balioko duela esperientziak.

Ikasleek onartu dute bazituztela hainbat zalantza Respaldizara joan aurretik, baina esperientziak euren ikuspegia aldatu duela. "Ez nekien eurak nolakoak izango ziren eta beldur nintzen gure harremana nolakoa izango ote zen", dio Maria Jara Almeneko ikasleak "ikasi dut ez dela pertsona bat epaitu behar bere bizitzan zehar egindako gauza batzuengatik, eta eman behar zaiola aukera bat bera nolakoa den ezagutzeko".

Eurek dagoeneko eman dute lehen pausoa, baina orain gizarteari luzatu nahi izan diote erronka. Izan ere, uste dute, gaixo egotea aukeratu ez duten pertsona horiekiko zabalduta dauden aurreiritziak aldatzeko garaia dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak