Langile eta bezeroekin batera ospatu du Athlonek 25. urteurrena

Maialen Torres 2015ko ira. 19a, 13:55

25 urte betetzen dituela ospatzeko, oso ekitaldi berezia egin zuen atzo Athlonek, Arrasateko Goi Eskola Politeknikoko areto nagusian. Bertan izan ziren Athloneko langileak, baina baita langile ohiak eta bezeroak ere. Izan ere, kooperatiba elkarteak hastapenetatik gaur egun arteko ibilbidean lagun izan dituen guztiei eskerrak eman nahi izan zizkien.

Eraikinaren kanpoaldean egin zieten harrera gonbidatuei, eta 25 urteen aitzakian egindako topaketa gogoratzeko, talde argazkia atera zuten langileek. Baina ez hori bakarrik, photocall-a ere jarri zuten eta, une batez, bosnaka, arraunean aritu ziren Athloneko traineruan.

Gonbidatuei argazkiak atera ostean eman zioten hasiera ospakizun ofizialari, eta Anjel Alkain izan zen ekitaldia aurkezten. Joxe Mari Olasagastiren ahotik, ikusleen barre algara artean, kirola eta osasuna izan zituen hizpide lehenengo, baina Athlonen historiaz hitz egiteko ere izan zuen tartea. Sortzaileek hastapenetan egindako lana gogoan izan zuenean, txaloz bete zen Goi Eskola Politeknikoko aretoa.

Ondoren, Xabi Igoa eta Manex Agirre bertsolarien txanda iritsi zen. Igoak Athlonen bekadun ibilitakoan egindako lanak eta lankideekin izandako harremana izan zituen gogoan, besteak beste. Agirrek, bere aldetik, saioa amaitu zuen 25 urtek ospakizuna merezi dutela esanez, baina etorkizunera begira "gero eta gutxiago falta da/ mende erdi betetzeko", abestu zuen.

25 urtetako hainbat oroitzapen biltzen dituen bideoa ere erakutsi zuten ekitaldiarekin jarraitzeko, eta gonbidatu asko hunkitu zituen arren, jarraian jasotako sorpresak zur eta lur utzi zituen ospakizunera gerturatu zirenak. Izan ere, Leo Harlem umorista ezagunak bakarrizketa eskaini zuen. Hori baino lehen, ordea, Olasagastik ez zuen aukerarik galdu leondarrari aizkoran irakasteko. Ekitaldiaren antolatzaileek sekretuan gordetako gonbidatuaren ikuskizunak arrakasta handia izan zuen.

Azkenik, ospakizunari amaiera emateko, luntxa egin zuten kanpoan, musikaz girotuta. Ekitaldian ikusi eta entzundakoaz gain, beraz, jan edanaren bueltan ere izan zuten garai bateko eta egungo kontuez oroitzeko aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak