Maukak lortzeko aukera izango da bihar egingo duten Merkemerkauan

Maite Txintxurreta 2015ko ira. 4a, 10:00
Iazko iraileko merkemerkaua Biteri plazan

Udaberri-uda denboraldiko azken beherapenak kalera aterako dituzte Ibai-Arteko 38 dendarik hamalaugarren edizio honetan. Goizeko hamarretan hasi eta iluntzeko zortziak eta erdiak arte egongo da arropa, oinetakoak, mertzeria, dekorazioa eta bestelako produktuak prezio murriztuan erosteko aukera.

Erdiguneko komertzioek denden kanpoaldean jarriko dituzte ikusgai haien produktuak, eta inguruko auzoetako dendariek,  aldiz, Olarte kalean eta Biteri plazan instalatuko duten karpa-gunean.

Egunean zehar, animazioa

Ibai-Artekok kideak ez dira, ordea, produktuak kalera ateratzera mugatuko, eta eguna girotzeko egitarau berezia prestatu dute.

Goizean zehar, hamaiketatik eguerdiko ordubata bitartean, batukada izango da Sambaña taldearen eskutik. Arratsaldean, aldiz, buruhandiak eta Erraldoi eta Kilikien konpartsakoak ibiliko dira kalean zehar 17:30etik 19:00ak bitartean.

Komertzio berdearen astea

Irailaren 16an hasi eta 22ra bitartean Merkataritza Berdearen astea ospatuko dute herrian.  Udalak antolatzen duen Mugikortasun astearen baitan kokatzen da ekimen hau, eta kontsumo arduratsua bultzatzea du helburu.

Hori dela eta, Arrasate txartelarekin erosten dutenen artean Jakion produktu ekologikoen 70 lote zozkatuko dituzte Ibai-Artetik. Irailaren 19an (13:30) banatuko zaizkie sariak irabazleei San Frantzisko elizan.

Bestalde, merkatarien elkarteko bazkideek birziklatutako materialekin apainduko  dituzte haien denda eta erakusleihoak, eta bertan salgai dauzkaten produktu ekologikoak erakutsiko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak