Arizmendiarrietaren gaineko dokumentala urte bukaerarako gertu izango du Gaizka Urrestik

Leire Kortabarria 2015ko abu. 22a, 08:00
Gaizka Urresti. (Argazkia: Bilboko Elizbarrutia).

Gaizka Urresti zinegile bilbotarra Jose Maria Arizmendiarrietaren gaineko dokumentala prestatzen dabil eta laster helduko dio filmaren zati handiena osatzeko lanari. Arizmendiarrieta, el apóstol de la cooperación izena izango du filmak. Kooperatibismoaren sortzaile izan zenaren bizitza eta lana zabaltzeko balio izango du dokumentalak.

Zuzendari izateaz gain, ekoizle, gidoi-idazle eta zinema irakaslea ere bada Gaizka Urresti, eta 2014an film labur onenaren Goya saria irabazi zuen.

Bilboko Elizbarrutiak egindako elkarrizketan Urrestik azaltzen duenez, apirilean hasi ziren dokumentala filmatzen. Markinako eta Arrasateko mezak eta omenaldiak grabatu zituzten, eta elkarrizketa batzuk ere bai. "Oraindik %80 filmatzea geratzen da", esaten du Urrestik. Izan ere, bere fikziozko lehenengo film luzea egiten oraintxe bukatu du, eta orain dokumentalari eutsiko dio berriz, urtea bukatu baino lehen amaituta eduki nahi duelako.

Arizmendiarrieta, ezezaguna

Urrestik elkarrizketan esaten duenez, "ikastola kooperatibo baten ikasi" zuen, Portugaleten, eta arreba Eroskiko bazkide kooperatibista da. Arizmendiarrietaren figurak "harritu" egin zuela dio, "utzi zuen lan zabalagatik, bere inguruko ezjakintasun handia dagoelako". "Mondragon Korporazioko lan-bazkide batzuei galdetu diet eta ez dakite nor izan zen. Film honek pertsonaia hari justizia egin nahi dio. Eta gustatuko litzaidake ikusleek sentitzea eredu sozioekonomikoa alda daitekeela, ahalegina eginda".

Filman agertuko dira Jose Maria Ormaetxea eta Alfontso Gorroñogoitia, eta baita Arizmendiarrietaren gertuko Javier Retegi eta Juan Leibar, eta haren biografo Fernando Molina ere. Era berean, Mondragon Korporazioko presidente eta presidenteorde batzuk "modu esanguratsuan" agertuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak