Mikel Arregi: "Ukraina ekialdera itzuliko naiz beste bandoaren iritzia jasotzeko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko uzt. 10a, 10:00
Mikel Arregi

Donbass: gerra Europaren bihotzean izenburu izango duen Ukraina ekialdearen gaineko dokumentala egiten ari da Mikel Arregi kazetaria (Arrasate, 1985) Ibai Trebiñorekin batera. Martxoan Trebiñorekin egon zen Donbass eskualdean; oraingoan bakarrik doa beste bandoaren bertsioa ezagutzera, Kievera.

Ukrainara bueltan zoaz. Zertarako?

Duela hilabete batzuk lagun dudan Ibai Trebiñok proposatu zidan berarekin joatea Ukraina ekialdera, gerrara, kazetari moduan lan egiteko. Argiarako, Berriarako eta Euskadi Irratirako egin genuen lan; hala ere, gure azken helburua da bertan batutako irudiekin dokumental bat egitea. Orain horretan ari gara lanean eta pentsatu dugu proiektua borobiltzeko berriro joatea komeni dela. Irailean Argiarekin batera abiatuko dugu finantziaziorako crowfunding kanpaina, Euskal Herri mailan. Horren arabera, ikusiko dugu dokumentala noiz kaleratu.  

Zergatik Ukraina ekialdera?

2014ko otsailean estatu kolpea eman zenetik prozesu politiko interesgarria bizi izan da Ukraina ekialdean. Krimeak, independentzia aldarrikatu ostean, Errusian sartu zuen eta 2014ko maiatzean gerra hasi zen Donbass eskualdean, herri altxamenduaren eta Kieveko gobernuaren erantzun militarraren ondoren. Hori guztia bertatik bertara bizi eta jaso gura genuen eta esperientzia interesgarria bezain aberasgarria izan zen.  

Nola bizi da gerra bat barrutik?

Joateko erabakia hartzen duzunean badakizu egoera zailak biziko dituzula. Tarteka egoera beldurgarriak bizi izan genituen baina merezi izan zuen. Bertako herri miliziekin ibili ginen, oso jende interesgarriarekin. 

Zein egoera bizi da gaur egun? 

Otsailean su-etena sinatu zuten Minsken, baina nazioarteko ikuskariek eurek onartu dute bi aldeetako batek ere ez duela hitza bete, ez duela kalibre handiko artilleria gerrako lehen lerrotik kendu. Nahasmen eta tentsio egoera da nagusi eta borrokak ere badaude tarteka, baina egun ez da iazko gerra egoera orokorrik bizi. 

Zein da bigarren bisitarako plana?

Errusiar zalea ez den ukrainar aldean ibiliko naiz. Beste bandoaren iritziak eta irudiak jaso gura ditut, Kiev hiriburukoak barne. Espainiako enbaxadari eskatu dizkiot kazetari moduan lan egiteko akreditazioak, baina ez didate erantzun oraingoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak